Euren esanetan, astean 30 minutuko entrenamendu-saio bat edo bi eginda eta elikadura-, osagarri- eta atseden-jarraibide batzuk beteta, nahikoa da, besteak beste, osasuna hobetzeko, kirola modu osasungarriagoan egiteko, lesioak izateko arriskua murrizteko, errendimendu fisikoa handitzeko, pisua galtzeko eta minak kentzeko.
Erabiltzailea sakon aztertzean oinarritzen da Baigene metodoa. Horretarako, haren listuaren lagina hartzen da, bere DNAm dauden desberdintasunak identifikatzeko. Era berean, bere beharrizanak ezagutzeko, bere egoera fisikoa aztertzen da hainbat testen bidez, hala nola indarra, morfologia funtzionala, muskulatura eta laktatoa. “Kirol- eta nutrizio-arloan prozesu metabolikoekin zerikusia duten geneetan dauden aldeak aztertzen ditugu. Adibidez, elikagaiak asimilatzeko proteinei lotutako geneak, ariketa egin ondoren indarrak nola berritzen ditugun eta intolerantziak”, azaldu du David Celorriok, EHUko Genetikan doktoreak eta BAIGENEko zuzendari exekutiboak. Horren ostean, entrenamendu-, nutrizio- eta osagarri-plana diseinatzen da, erabiltzaileak bere helburuak bete ahal izateko.
BAIGENE 2013an ezarri zen Gasteizen. Zamudion inauguratu berri duten zentroaz gainera, Madrilen beste bat zabaltzeko asmoa dute. “Entrenamendu-metodo berritzailea eskaintzen diegu eliteko kirolariei, kirolzaleei, aldaketa fisikoa nahi dutenei edota euren osasuna hobetu nahi dutenei. Zientzia genetikoa, nutrizioa eta entrenamendua uztartzeak ahalbidetzen du erabiltzaileek euren bizi-kalitatea hobetzea”.