“Txapela bera da irabaztearen poztasunik handiena”

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 2a, 14:20

Iraide Gorrotxategi eta Aitor Tolosa · Muslariak

Urriaren 19tik 27ra bitartean, Euskal Gizataldeen Munduko Txapelketa izango da Cuscon, Perun, eta Iraide Gorrotxategi zamudioztarra eta Aitor Tolosa santurtziarra hara joango dira titulua berrestera. Izan ere, César Rasines bikotekidea zuela, Tolosak munduko txapelketa irabazi zuen iaz, eta Gorrotxategi garaile izan zen txapelketa amaituta egiten den lehiaketan; hori Ismael Torralbarekin irabazi zuen.

"Iaz, Txilen bizi izan genuen esperientzia berbera bizi izatea espero dugu, itzela izan zelako. Aurtengo txapelketan 12 herrialdetako muslariok hartuko dugu parte: herrialde bakoitzak bikote bat eramaten du, aurreko urteko herrialde irabazleak eta antolatzaileek izan ezik, bi bikote eramaten dituzte eta. Parte-hartzaileak, laguntzaileak, delegatuak… kontuan hartzen baditugu, lagun asko batzen gara munduko txapelketetan”, esan digute. Bikoteak azpimarratu du Euskal Herritik beste herrialde batzuetara migratu zirenek haiekin batera mus-kultura eraman izanaren garrantzia. “Zaletasun handia dago batez ere Hego Amerikan: Argentinan, Perun, Txilen, Mexikon… Eta gero, Estatu Batuetan, Frantzian eta Australian. Baina ez bakarrik mus-jokoa, jakina; herrialde horietan euskal etxeak sortu zituzten, eta bertoko kulturari eta ekitaldiei eutsi diete: Olentzero, Korrika…”.

Euskal Herriko eta Espainiako txapel- keten aldean, oso bestelakoa da munduko txapelketa. “Lehenengo eta behin, bikote gutxiagoren kontra lehiatu behar da; Espainiako txapelketa batean, berriz, 300 bikotek baino gehiagok hartu ohi dute parte, adibidea ipintzearren. Era berean, munduko txapelketan bikote guztiek elkarren kontra jokatu behar dute, liga bat izango balitz moduan, eta puntu gehien lortzen duenak irabazten du; bakarrik berdinketa izanez gero jokatzen da finala. Gainera, zortzi erregerekin eta zortzi batekorekin jokatu beharrean, lau erregerekin eta lau batekorekin jokatzen da munduko txapelketan. Araudi horretara moldatu behar duten bakarrak geu gara”. Hala ere, ez da oso lan neketsua. “Horrela jokatzen da Iruñan, Logroñon eta Gipuzkoako herriren batean. Ohitzea kostatzen den? Bueno, beste gabe… Guk modu horretan partidaren bat jokatu dugu elkarrekin aurten, baina ez Perun ibiliko garen bikotekideekin. Aireportuetan aprobetxatuko dugu entrenatzeko. Dena dela, norbera berehala ohitzen da, eta ez dugu inongo arazorik izango”.

Zamudioztarrak eta santurtziarrak sarritan hartzen dute parte txapelketetan, eta hainbat txapel eta trofeo irabazi dituzte. “Batez ere Aitorrek; etxean mus-museoa du (kar-kar)”. Titulu inportanteren bat aipatzea eskatu diegu, eta apur bat kostatu zaie aukeratzea. Azkenean kontatu digute Tolosa Espainiako txapelduna izan zela 2019an, eta txapeldunordea, 2017an. Gorrotxategik, bestalde, Kursaalen txapelketa irabazi du, eta Erandioko Batzokikoa iaz. “Joan den urtean ere, Gabonetan, Katxi Morgako jatetxeko txapelketa irabazi genuen. Egia esan, mus arin txapelketa askotan hartzen dugu parte, eta askotan izan gara garaile. Jaietan ere bai. Txapelketa luzeagoetan… Nolanahi ere, lehentasun apur bat handiagoa ematen diegu Espainiako txapelketara joateko aukera eman diezaguketen txapelketei”. Euren hitzetan, txandak garaituz joatea eta txapelduna izatea mus-jokoaren poztasunik handiena da. “Eta txapela bera. Txapela gustatzen zaigu”.

Txapelaz eta trofeoaz gainera, eskudirutan ere izaten dira sariak, eta irabazten dutena beste lehiaketa batzuetara eta munduko txapelketara joateak ekartzen dituen gastuak ordaintzen laguntzeko erabiltzen dute. “Momentuz ez dugu inongo laguntza ekonomikorik, eta, adibidez, munduko txapelketara joatea oso garestia da: parte-hartzaile bakoi-tzak 1.500 bat euro ordaintzen ditu, eta laguntzaileen eta delegatuen kasuan, diru gehiago da, den-dena euren pol- tsikotik ordaindu behar dute eta. Txapelketa Argentinan egingo da datorren urtean, baina ideia da bi urte barru Bilbon egitea. Antolatzaileek buru-belarri ibili beharko dute erakundeen eta babesleen laguntza topatzeko, zeren eta ekintzak oso plangintza zorrotza eskatzen baitu: jende askorentzako hotela topatzea, otorduak non egin, bisitak antolatzea ingurua ezagutu dezaten…”.

 

Abilezia

Kontatu digutenez, oso giro ona dago mus-munduan eta hori da hain zuzen ere erakartzen dituena. “Lagunak egiten dira”. Jokoa bera ere bada erakargarria. “Logikoa den moduan, karta onak badituzu, irabaziko duzu, nahiz eta joka-tzen ez jakin. Baina musa haratago doa, karta txarrak izanda ere irabazi ahal duzulako. Hortaz, abilezia izan behar duzu arerioak engainatzeko, keinuak disimuluz eta ondo egiten jakin behar da… Halaber, ezinbestekoa da arerioak aztertzea eta horren arabera erabakitzea nola jokatuko duzun”. Gorrotxategiren iritziz, esandakoak dira muslari on baten ezaugarriak, “eta Aitorrek guztiak ditu”. Bikotekide berberarekin beti edo ia beti jokatzea ere bermea da.

Adin bat dutenek gogoan izango dituzte auzoetako tabernetako mus-partidak: bazkaldu ostean, etxe ondoko tabernara joan, eta beti zegoen norekin jokatu. “Ohiturak aldatu dituzte, eta orain mus arin partida handiagoak antolatzen dira leku jakin batzuetan. Ordua ipintzen da, eta izena ematea egin behar da; sariak ere izaten dira. Hala ere, auzoko mus-partidak egiten jarraitzen da leku batzuetan, edadekoen eskutik”.

Musak Euskal Herrian du jatorria, eta, ondorioz, ez da harritzekoa euskal muslariak txapelketetan gailentzea. “Madrildarrak eta asturiarrak ere onak dira musean jokatzen”. Irabazi edo galtzetik harago, musak balioak ere helarazten ditu, eta haien artean adiskidetasuna eta jarrera egokia izaten jakitea azpimarratu dituzte. “Guztioi gustatzen zaigu irabaztea, baina duintasunez galtzen jakin behar da, eta batzuek ez dakite. Guk, noski, badakigu galtzen”. Amaitzeko, jokaldi perfektuari buruz galdetu diegu, eran-tzun digute momentu batean bat izan ahal dela, eta beste momentu batean, beste bat. “Aukera gehiago «eskuko politak» ditu. Hiru errege eta bateko bat dituzunez, karta onak dituzu handira eta pareetara, eta jokaldirik onena. Baina, lehen esan moduan, karta txarrekin ere irabazi daiteke”.   

Aitarengandik

Musak elkartu ditu Iraide Gorrotxategi eta Aitor Tolosa. Biek txikitan izan zuten karta-joko honekin lehen harremana, eta euren zaletasuna handituz joan zen urterik urte. Bien gurasoek zerikusia izan zuten horretan. “Aita jokatzen ikustera joaten nintzen tabernara, eta horrela ikasi nuen musean jokatzen. Izan ere, partidak ikusiz ikastea errazagoa da norbaitek zuri irakastea baino. Hamaika edo hamabi urte nituela banekien jokatzen, baina ez zidaten inon jokatzen uzten, adingabea nintzelako”, gogoratu du Tolosak.

“Nik ere aitarengandik ikasi nuen, berarekin denbora asko ematen nuen eta”, azaldu du Gorrotxategik. “Gero, jaietan antolatzen ziren partidetan jokatzen hasi nintzen, eta zirkuituan orain dela zortzi urte-edo sartu nintzen. Ohiko partidez eta txapelketez gainera, olinpiadetan ere hartzen dugu parte. Olinpiadetara bost bikoteko taldean joaten da: Aitor Lau Bide tabernako taldean dago, eta ni Uri taldearen kapitaina naiz. Olinpiadak ere oso inportanteak dira, eta lehiaketan jarraitzeko, gutxienez hiru partida –guztira bost dira– irabazi behar dizkiozu beste herrialde bateko taldeari. Azken olinpiadetan 630 bat lagun batu ginen Segovian. Oso dibertigarria da eta oso giro ona dago parte-hartzaileen artean”.

Bizkaian, txapelketetan parte har-tzen duten 12 emakume muslari inguru daude, eta 150 gizon muslari. “Minoria gaudela egia den arren, esan beharra dago gero eta emakume gehiago garela. Ondo tratatzen gaituzte eta gustura gaude orokorrean. Lagun-giroa dago eta oso ondo pasatzen dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).