Gure gorputza ezagutzen ez baldin badugu, oso zaila izango da gure osasunaren inguruko erabaki autonomoak hartzea. Gure organo, sistema eta hauetan gertatzen diren prozesuen normaltasuna zein den ezagutzen ez baldin badugu, ez dugu inoiz jakingo noiz ari garen normaltasun horretatik ateratzen. Ez hori bakarrik, ez baldin badakigu gure gorputzetan gertatzen ari dena fisiologikoa den ala ez, beste norbaitengan jarri beharko dugu ardura hori. Eta hau da orokorrean gertatzen dena, gure gorputzekiko erabakiak besteengan jartzen ditugula, orokorrean, osasun profesional eta erakundeetan.
Emakumeen fisiologiari buruz hitz egiten dugunean, sistema gonadalaren inguruan hitz egiten dugu, adibidez. Sistema hormonal sexuala ere deitzen zaio eta gure funtzionamendu egokiaren ardatz garratzitsu bat da. Sistema honek funtzionatu ahal izateko, alde batetik garunak hormona jakin batzuk jariatu behar ditu. Bestetik, obulutegiek hormona horiei kasu egin behar diote. Beraz, behintzat, garun eta obulutegien arteko komunikazio egoki bat euki behar dugu. Komunikazio honen helburu garrantzitsuenetariko bat izango da obulutegietan dauden folikuluak (etorkizunean obulu izango diren zelulak) ondo heltzea eta horietariko bat apurtzea.
Beraz, ziklo menstrualaren inguruan hitz egiten dugunean, zorrotzak baldin bagara, ez gara ari hilerokoaren inguruan hitz egiten, baizik eta Ziklo Obarikoaren inguruan. Hau da, zikloaren helburua ez da hilerokoa, obulazioa baizik (folikulu baten apurketa). Ahaztu hilerokoa, folikuluen heltze prozesuaren ondorioz gertatzen den sintoma bat besterik ez baita hau. Beraz, zikloaren lehenengo egunetik, garunak hormona folikulo estimulantea (FSHa) jariatuko du, obulutegi bakoitzeko dozena bat folikulu heltzeko. Horietariko bakarra izango da ondo heldu eta apurtuko dena. Folikulu bat ondo helduta dagonean, hormona luteinizatzailea (LHa) jariatuko da prest dagoen folikulu hori apurtu ahal izateko. Hala bada, folikulu barruko obulua askatu egingo da, obulazioa gertatuz, eta folikulu horren gainontzekoa gorputz luteo bihurtuko da. Hortxe daude Ziklo Menstrualaren (edo hobeto ezanda ziklo obarikoaren) bi faseak. Folikuluen heltze prozesua, edo Fase Folikularra, eta gorputz luteoaren sorrera, edo Fase Luteoa.
Emakume bakoitzarentzat faseen ira upena ezberdina izango da, eta, beraz, zikloaren iraupena ere bai. Ez hori bakarrik, Fase folikularrak ez dauka iraupen finko bat, emakume bakoitzak eta ziklo bakoitzean denbora ezberdina behar izango dugu folikulu horiek modu egokian heltzeko. Fase luteoa ordea, egonkorragoa da, gutxienez 12 egun eta gehienez 16 egun iraun ditzazke. Ondorioz, gure zikloen iraupena, fase folikularraren araberakoa izango da. Zenbat eta gehiago iraun folikuluek heltzen, ziklo luzeagoa. Zenbat eta lehenago obulatu, ziklo laburragoa. Baina kontuz, fase luteoan arazoak baldin badaude, hau ere laburtu daiteke eta gorputz luteoaren defizientzia bat izan dezakegu.
Beraz, nola jakin dezakegu gure zikloa osasuntsua den ala ez? Gure fase folikularra eta luteoa nolakoak diren behatzen. Eta hau hurrengoan ikusiko dugu.