40 urtez euskalduntzen

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Garazi, Egoitz, Olga, Jasone eta Irantzu euskaltegiko irakasleak

Txepetxa AEK Euskaltegia
1985an, Derioko San Migel auzoko pisu batean jaio zen Txepetxa euskaltegia. 40 urte betetzen dituen honetan, “denetarik” bizi izan duten arren, horrek dakartzan zailtasunekin, balorazioa “positiboa” da. Aurten Derioko Jaietan pregoilari izan ondoren, begirada Korrikan dute jada, 2026ko martxoan ospatuko dena.

Aurten Txorierriko Txepetxa euskaltegiak 40 urte bete ditu. Urte hauetan “denetarik” egon dela dio Olga Loroño Txepetxako arduradunak, baina balorazioa “beti positiboa” dela dio: “40 urte pasa ondoren hemen bagaude, zerbaitengatik izango da”. Honez gain, Loroñok dio iraupen hau txorierritarrek euskara ikasteko hautatu dielako izan daitekeela, eta pozik doazela bertara, eta “balio hori daukala” uste du. Momentu zailez gain, “elkartasuna, txorierritarren babesa” eduki dutela dio, beraz balorazioa ona izan behar duela dio. Gainera, Derioko Jaietako pregoilariak izan ziren. Horren inguruan galdetuta, Txepetxako kideek “omenaldi bat bezala” sentitu zuten pregoi hura, eta asko poztu zituen. “Honek erakutsi zuen hainbat urtetan egindako lan hori apreziatzen dela eta txorierritarrek eskertzen dutela ere nolabait”.

Euskaltegia 1985ean sortu zen arren, Loroñok 1967-1968 urte horietan euskal- tzaletasunaren inguruko mugimendu bat sortu zela dio. Bertan txorrierritar batzuk aritu zirela nabarmentzen du, eta hemen Belen Gana Gaztañagaren garrantzia azpimarratzen du: “Bera ibili zen hasieran, eta ondoren Txepetxako irakasle urte luzez, erretiroa hartu zuen arte duela urte batzuk”. 1975. urtean euskaldun kontzientzia areagotuz joan zen, eta 1976an Bizkaiko Euskaltegiak eta Haur Eskolak koordinatu egin ziren AEK sortzeko. Honen ondorioz, Txorierriko herri askotan euskara eskolak ematen hasi ziren, eta AEKra batuz joan.

Eta hala, 1985eko irailean, Derioko San Migel auzoko pisu batean, Txepetxa jaio zen. Hala ere, 1986-87 ikasturtean, Txepetxa euskaltegia gaur eguneko kokalekura mugitu zen, Derioko Gorbea kalera, hain zuzen. “Hemen egon da zentroa baina eskolak Txorierriko herri guztietan eman izan ditugu, lokal edo espazio ezberdinetan. Beti ahalegindu gara herritarrei ahalik eta erraztasun gehien ematen euskara ikasi ahal izateko”, dio Loroñok. Irakasleek garai hartan boluntario moduan egiten zuten lan. Hala ere, Loroñok dio gero kobratzen hasi zirela: “Hasieran modu “prekarioago” batean egiten genuen lan, baina gauzak aldatuz joan dira zorionez eta gaur egun gure baldintzak asko hobetu dira”.

Zailtasunei aurre eginez
Izan ere, Txepetxak ez ditu erraztasun guztiak izan. Adibidez, Loroñok aipatzen du hasieran, euskaltegia sortzeko orduan, arazoak izan zituztela Udalaren aldetik, lokal bat eskuratzeko orduan, baita arazo ekonomikoak ere: “Lehen, HABEk gaur egun emandako finantziaziorik ez zegoenean, Garzónen garaian epaiketa bat egon zen, eta haren ondorioz ekonomikoki min izugarria eragin zigun”. Bestalde, adibidez ikasleek diru-laguntzarik jasotzen ez zituztela dio Loroñok, eta euskaltegira “militantzia hutsez” hurbiltzen zirela asko. Honez gain, irakasleen aldetik ere “egonkortasun falta” zegoela dio Loroñok: “AEKn lan egitean jendea agian ez zen gelditzen, baldintzak ez zirelako behar bezain onak. Gaur egun hori guztia apur bat gaindituta dago, egonkortasuna handiagoa da. Gure baldintzak agian nahi bezain onak oraindik ez diren arren, aurrerapauso handiak eman dira, eta egoera onean gaude zentzu horretan”.

Urte guzti hauetan, gizarteak aldaketa bat bizi izan du. Hori dela eta, Txepetxara hurbiltzen diren ikasleen profila ere aldatu da. Loroñok dio euskaltegira batez ere hurbiltzen den ikaslea “titulu baten bila” doan ikaslea izan ohi dela: “Lehen euskara ikastea zen helburua, orain batzuetan helburua beharrean bidea da, lan merkatuan sartzeko eta abar”. Hala ere, migranteak edo euskara ikasi nahi dutenak ere hurbiltzen jarraitzen dute, “euskal gizartean integratzeko” helburua dutenak. Baina horiek erakartzea “erronka” bat dela dio Txepetxako arduradunak: “Erraztasunak eman behar zaizkie, eta hor instituzioen inplikazioa beharrezkoa da”. Izan ere, hark dio nahiz eta jendea titulu baten bila hurbildu, euskaltegikoak haien “euskararen mundua zabaltzen” ahalegintzen direla, “euskara murgiltzen”. Migrante eta titulu bila doazen ikasleen nahaste horrek euskaltegira “ikasle anitzagoak” hurbiltzea ekarri duela dio Loroñok.

Hainbat profileko ikasle horiek hasieran, esan bezala, ez zituzten inolako diru-laguntzarik jasotzen. Hala ere, gaur egun, hainbat diru-laguntza jasotzen dituzte, eta kasu batzuetan, doan ikasi dezakete euskara. Baina Loroñok dioen moduan, dirua aurreratu beharra dute, eta ondoren kopuru hori itzultzen zaie, baldintza batzuk betez gero. Hori dela eta, gaur egun “ez da guztiz doakoa” euskara ikastea, baina “bidean dago”. Izan ere, A1 eta A2 mailetarako diru-laguntza lerro berriak daude, baita C1 mailarako 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Honez gain, Mankomunitateak ere diru-laguntzak ematen ditu, hauek ere betetako baldintzen araberakoa, baina matrikularen %50a ordaintzen du gehienez.

Euskararen egoerarekiko kezka
Nahiz eta ikasleek inoiz baino erraztasun gehiago izan euskara ikasteko, azkenaldian euskaltegiek matrikulazioetan jaitsiera bat jasan izan dute. Honen arrazoiari buruz galdetuta, Loroñok dio “oraindik ez dutela aztertu”. Bere ustez, azkenaldian egon den “euskararen aurkako oldarraldiak” ez du lagundu, nahiz eta argi utzi ez duela uste hura arrazoia denik. “Uste dut agian jendeak uste izan duela euskara berez badagoela, jende gehienak badakiela, eta erlaxatu egin da, ez du ikusten beharrizanik”, dio.

Euskararen normalizazio hori helburutzat duen ekintza nagusienetako bat da AEKk berak antolatzen duen Korrika. 2026an 24. edizioa ospatuko da, martxoaren 19a eta 29a bitartean. Ibilbidea Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Bilbon bukatuko da, “Euskara gara” lelopean. Txorierritik pasako da berriz ere Korrika, eta Loroñok dio “ziur” daudela “arrakastatsua” izango dela: “Badakigu txorierritarrek Korrikari betiko babesa eta betiko laguntza emango diotela, eta ziur gaude erantzuna ezin hobea izango dela”.

Euskaldun aktiboaren sorkuntza helburu
Txepetxa beste hizkuntza eskoletatik ezberdintzen duenaren inguruan galdetuta, arduradunak dio “euskaldun aktiboak” sortzea dela haien helburua, eta ez soilik hizkuntza ikastea. “Gure helburua Euskal Herria euskalduntzea da, eta Euskal Herria euskalduntzeko eta jendea euskaraz bizi ahal izateko, aktiboa izan behar du”, dio. Izan ere, nabarmentzen du haien lana ez dela bukatzen klasetik irtetzean, baizik eta eskualdeko euskalgintzako eragileekin egoten saiatzen direla, ikasleei “euskara eta euskal kultura barneratzeko” helburuarekin.

Bukatzeko, etorkizunera begira, Loroñok dio “zaila” dela asmatzea, “gizartea etengabe aldatuz” doalako, eta horrek batzuetan “eragin positiboa” ekar dezake, eta beste batzuetan “ez hain positiboa”. Hala ere, Loroñok aldarrikatzen du garrantzitsua dela, euskararen egoerarekiko datu txarrei aurre egiteko, “hizkuntza politika eraginkorra” eraikitzea, eragina izango duelako haiengan, bere ustez. Hori kontuan hartuta, Txepetxako arduradunak uste du “momentuz” beharrezkoak izango direla: “Urte batzuetan gure lanak zentzua izango du oraindik”.

 

“Euskararen larrialdi egoerari” aurre egiteko ekitaldia

Loroñok aipatutako “euskararen aurkako oldarraldiari” aurre egiteko, Euskalgintza Kontseiluak kanpaina bat jarri du martxan, euskara larrialdi egoeran dagoela salatzeko. Kanpaina horren barruan eta “Euskararen etorkizuna jokoan” lelopean, datorren abenduaren 27an, Bilbao Arenan, “Pizkundea” ekitaldia ospatuko da. Honen helburua “euskaltzaletasunaren eta euskararen bilgune” izatea da. Hura “kultura kutsuko ekitaldia” izango da, “hitzarteak eta musika” uztartuko dituena, Kontseiluaren hitzetan. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Sarrerak ekimenaren webgunean eskuratu ahal izango dira, “euskaltzaletasunaren giharra indartzeko”, Kontseiluak dioenez. “Euskaltzalez bete behar dugu Bilbao Arena, larrialdi egoera hori iraultzen hasteko, eta pizkunde berri bat eskatzeko”, dio Loroñok.