Zer esan nahi duzu “Gure pribilegioez jabetuz” diozunean?
Oro har, esan dezakegu menderatze-sistema batean bizi garela, eta sistema horrek zapalkuntzak jasaten dituztenen eta pribilegioak dituztenen artean banatzen dituela pertsonak, zenbait ardatzen arabera. Adibidez, arrazakeriaren ardatzaren ondorioz, pertsona zuriek pribilegioak dituzte eta zuriak ez diren pertsonek zapalkuntzak jasaten dituzte. Bestalde, heterozentrismoaren ardatzaren ondorioz, heterosexualek pribilegioak dituzte eta LGTBIQA+ pertsonek zapalkuntzak jasaten dituzte. Hauek tailerretan aztertzen ditugun ardatz guztien bi adibide baino ez dira. Normalean, errazago ohartzen gara jasaten ditugun zapalkuntzez, gozatzen ditugun pribilegioez eta eragiten ditugun inpaktuez baino. Hori dela eta, tailerrak gure pribilegioez jabetzera bideratuta daude.
Zeintzuk dira pribilegioen eta eskubideen arteko ezberdintasunak?
Eskubideak, teorian, eskubide unibertsalak dira, eta, beraz, pertsona guztientzat aplikatu beharko lirateke, inolako bereizketarik gabe. Hala ez den bitartean, praktikan, “eskubide” deitzen ditugun gauza asko “pribilegioak” dira, pertsona gutxi batzuei bakarrik aplikatzen baitzaizkigu, “normaltzat” hartzen gaituztenei, hau da, pribilegioak metatzen dituztenei.
Zergatik da garrantzitsua pribilegioez jabetzea?
Izan ere, gure pribilegioek nola funtzionatzen duten konturatzen ez garen bitartean, bizi garen menderatze-sistema errepikatzen ari gara, eta inpaktuak eragiten ditugu ohartu gabe. Hala ere, ulertzen dut pertsona gehienok ez dugula dominazioa errepikatu nahi, baizik eta mundu bidezkoago bat sortu nahi dugula guztion artean. Horregatik, garrantzitsua da hori guztia nola egiten den ikustea, txiki eta egunerokotik handienera aldatu ahal izateko, maila sistemikoan jarduten baitu.
Zein zapalkuntzak eragiten digu eta zeinek ez?
Hori pertsona bakoitzaren eta lehen aipatu dizkizudan menderatze-arda- tzek bere gorputzean duten eraginaren araberakoa da. Izan ere, pribilegioan ez nagoen ardatzetan, normalean, zapalkuntzan nago, eta hauek izango dira niri eragiten didaten zapalkuntzak. Lehengo adibideekin jarraituz, pertsona beltz bati arraza-zapalkuntzak eragingo dio, eta LGTBIQA+ pertsona bati, berriz, heteroarauaren zapalkuntzak. Gainera, bi zapalkuntza jasaten dituen pertsona bati gorputzean modu zehatz eta bakarrean eragingo lioke. Zaila da azaltzea hitz gutxitan eta tailerretan egiten ditugun bizipen-dinamiketan oinarritu gabe. Tailerretan hori aztertzerakoan, niri feminista beltzen proposamen kon- tzeptualak inspiragarriak iruditu zitza- izkidan, hala nola, intersekzionalitatea (Kimberlé Crenshaw-k proposatua) eta dominazio-matrizea (Patricia Hill Collins-ek proposatua), norbaitek hobeto ulertzeko ikertu nahi baditu.
Bestalde, ikertzailea zara, zein da zure ikerketa-foku nagusia?
Ikertzen denbora gehien eskatu didanak tailerretan taldean hausnartzen saia-tzen naizenarekin zerikusia du. Izan ere, doktorego-tesi bat amaitu berri dut, menderatze-matrizeak nola jarduten duen eta hari nola aurre egiten zaion ulertzen saiatzen dena. Hori dela eta, hau guztia dakart, ulertu eta praktikara eraman dezagun guztion artean. Iker- tzerakoan, batez ere dominazioari aurre egiteko moduari erreparatu diot, hiru proposamenen bidez: Elikadura Subiranotasunaren nekazari proposamena, Abya Yala-ren proposamen feministak (Abya Yala izen indigena da, kolonialki Amerika deitu zena izendatzeko) eta intersekzionalitatearen proposamen beltz feminista. Horretarako, ikerketetan euskal emakume baserritarrekin hasi nintzen lanean, eta gero doktorego tesian lan handia egin dut Peruko emakumeen erakunde batekin, tesiaren protagonistak baitira. FENMUCARINAP da erakundearen izena: Federación Nacional de Mujeres Campesinas, Artesanas, Indígenas, Nativas y Asalariada del Perú.
Nolakoa izan zen Marikobasoko tailerra?
Niretzat Marikobasoko tailerra oso ondo joan zen, nik uste dut jendeari lagundu ziola azken finean tailer hauen helburu diren gauzez ohartzen. Baina, agian, joan zen jendeari galdetu beharko zenioke ea zer iruditu zitzaien.