Han eta hamen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Atxutegi 2026ko urtarrilaren 7a

Orain gutxi entzuten neban irratitik (bai, irratia entzuten dot ondino…) Estatuko Konstituzinoa aldatu egingo dala abortatzeko eskubidea bermatua geratu daiten. Ez daukat memoria txarrik eta akordetan naz nire ikasle tunante garaian ikasi nebala Konstituzinoa aldatzea ez dala bape erraza, batez be eskubideekaz zerikusi eukan guztia. Horrenbeste buelta, berme, botazino ta kontsultea behar ei zan punturik txikiena aldatzeko. “Irreformablea” ez zan baina ia ia.

Baina begira zelan aldatzen diran egoerak beharrizanen  arabera. Urteak aurrera joan ahala eta Europako araudiak behartuta zenbait aldaketa egin jakoz Lege Nagusiari. Orain Estatuko Diputatuen Kongresuaren botazino bat nahiko ei da irreformablea erreformatzeko. Sartu egin dira Konstituzinoan 1978an planteau be ez ziran gaiak: Europako legediaren nagusitasuna, zor publikoaren muga… eta orain “osasun erreproduktiboa”. Ba ei dagoz bigarren mailako eskubideak atzeko atetik sartu leitekezenak. Azaldu zeurienez, oinarrizko eskubideak alde batera utzita beste era bateko eskubideek be euren txoko legala topetan dabe era honetan.

Honek gaiok garrantzitsuak dirala ukatu barik uste dot badagoela beste kontu bat euskaldunoi axola jakuna.

Antza danez langile publikoen hizkuntza eskubideak gu uritarron eskubidearen ganean dagoz.

Gero eta sarriago ikusten dogu euskararen kontrako sententziak eguneroko ogia dirala. Lan publikoetarako euskara eskakizunak murriztu edo beste barik ezabatu egiten dira bardintasunaren kontrakoak diralakoan. Antza danez langile publikoen hizkuntza eskubideak gu uritarron eskubidearen ganean dagoz.

Danok daukagu administrazinokaz hartuemonak izateko beharra eta hiz- kuntzeari jagokonez danetarik bizi egiten dogu. Euskaraz normaltasunez aritzeko posibilitatetik gazteleraz bai ala bai erabiltzeko beharretara. Administrazinoak ba ei dauka gure hizkuntzaz gu hartzeko beharra eta itsuak be ikusten dau hori ez dala bermatzen.

Ideia xinplea eta ilojikoa dala esango deustie baina zergaitik ez sartu Estatuko Konstituzinoan euskal hiztunon eskubideak? Ilojikoa iruditzen jat Europara eroatea gure hizkuntzen ofizialtasunea gurean etxeko lanak egin barik dagozanean. Europako instituzinoetan ( Bruselan eta Estrasburgon) itzultzaile ofizialak egotea gura dogu hemen, esate baterako, epaiketetan euskara  sekulan (edo oso gutxitan) erabiltzen ez denean?