Orduan, hiztegiaz galdetuz gero, ondo deritzozu zortzi urteko mutikoak alfabetoa ikasi baino lehen berbak hiztegi digitalean bilatzeari? Neure urteetako esperientziak diost paperezko hiztegian hitzen bila ibiltzerakoan, ikasleek ordena alfabetikoa sendotu egiten dutela, eta ortografia hobetu. Esango didazu digitalean azkar topatzen dela terminoa, baita entzun ere egin daitekeela elea. Hala ere, zelan ez kontuan hartu “ahaleginaren kultura” ikasgelan? Ezen bizitzan saiatu barik, ahalegindu barik, gauza gutxi lortzen da. Bestalde, nola ez eman balioa -mugikorra edo Chromebook-a piztu barik, arreta galdu gabe- kontzentratuta jarraiturik, paperezko hiztegian bilaketan ibiltzeari?
Horrez gainera, hiztegi digitalak generikoak izan ohi dira, ez 3.000 edo 5.000 berbatara mugatuak, edo txikien hizkerari, ertainenari edo nagusiei egokituak. Paperezkoetan, ostera, bada mailaketa hori.
Badakizu badaukadala apalategian hiztegi potolo-potolo bat 2.098 hitzetakoa, Erromako osabak 1970ean oparitua? Jakina, paperean, sasoi hartan ez baitzen hiztegirik online. Benito Mussolini-ri eskainia da: “con fede e devozione fascista”.
Hots, hiztegi faxista. Halandaze, hiztegia bera gerta liteke demokrata ez izatea; baita Euskararen Herrian egina ez izatea ere; Amurizaren bertsoan kantatzen denez, idatzitakoa: “Euskal Herritik aparte, mila legoa bitarte…” egina. Alegia ez gure lurraldeen izenik, ez gure ohiturako adibiderik ez dakarrena.
Hiztegia, beraz, ideiaz, pentsamenduz, adibidez, irudiz eta leku izenez beterik aurkezten zaigu. Gainera, hiztegiek eta paperezko euskarria duten liburuek historia luze-luzea dute -holakoak kontsultatzeko-eta dira bibliotekak-.
Papiroa han Kristo aurreko IV. mendean, Alexandro Handiaren aldian erabiltzen zen. Papiro landareaz baliaturik egiten zen. Irakurleak eskuineko eskuarekin eusten zion bolumenari eta ezkerrekoaz zabaltzen zuen ezkerretarantz.
Ostean, pergaminoa erabili izan da, ardi, ahuntz edo bigantxa larruz egina. Pergaminoak ia XX. mendera arte iraun izan du.
Gaur egun, andrazko eta gizonezko postmodernoen azala bihurtu da pergamino, ze euren larruan idazten dira tatuajeak.