Maider Yuste del Río, animaliazale amorratua: “Narrastiak edozein maskota arrunt legez hazi daitekez”

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 10:28

Galeper bat izan dau, papagaiak, txakurrak, sugeak, kameleoiak... baita iguanak be. Maiderrek animaliaz beteta izan dau etxea txikia zanatik, eta gustatu narrastiak gustatzen jakoz gehienbat. Lezamarraren animalienganako zaletasuna ikaragarria da, benetan. Zenbat maskota dozu gaur egun? Txakur bi eta metro biko iguana bat. Berrehun eta berrogeita hamar litroko akuarioa be badot. Eta horreei guztiei lekua egiteko, etxetik botako zaituen mehatxurik ez deutsu amak inoiz egin? Ba, hori ez da ezer. Garai baten 12 bat txori be izan dodaz, txintxillak, sugeak, hamsterrak... Nola hasi zan narrastienganako zaletasun hori? Horreek ukitzea desatsegin neban eta sentsazino hori gainditzeko, talka-terapiagaz animatu nintzan: iguana erosi neban. Oso arrunta ez dan gauzea... Ez da zaletasun arraroa, ezezaguna baino. Iguana, adibidez, animalia basatia da, baina ondo hazten badozu beste edozein maskotak legez jokatuko dau. Nirea aske ibilten da etxetik, eta “bere gauzak” non egin ikasi be ikasi dau. Zaila da sinestea! Lehen esan dodan legez, ezjakintasun haundia dago narrastien inguruan. Jenteak bildur izan deikie sugeei, adibidez, baina suge batek txakur batek baino min gitxiago egingo deutsu kosk eginez gero. Sugearen haginkada ezezaguna da guretzat eta horregaitik deutsagu bildur. Animalien denda zabaldu dozu orain dala gitxi. Arrain, txori eta karraskariez gain, narrastirik be eskatzen dau jenteak? Bai, uste baino jente gehiagok hartzen dauz maskotatzat. Dana dala, ez deutseguz edonori saltzen, narrastiek oso zaintza bereziak behar dabez, eta horreek emoteko prest egon behar da. Animalia ondo heztea be ezinbestekoa da. Iguanak animalia merkeak dira; hogeita bost euroan erosi daiteke bat. Batzuek kapritxoz erosten dabez, eta nekatzen diranean abandonatuta itxiten dabez kalean. Zelango zaintzak behar dabez? UVA izpiak eta berotasuna behar dabez gorputz-tenperatura erregulatzeko. Elikadura narrasti motaren arabera aukeratuko dogu: iguanak herbiboroak dira, eta pentsua, fruta eta barazkiak jaten dabez; sugeei elikagai bizia emon behar jakez eta kameleoiek kilkerrak jaten dabez, intsektuak... Egunean behin emon behar jake jaten, eta terrariuma bi asterik behin edo hilabetean behin garbitu behar da. Eta gaixorik badagoz? Bertoko albaitariek ez dabe esperientzia haundirik narrastiakaz; Valentzian eta Bartzelonan, ostera, prestakuntza hobea dabe. Ni albaitaritza klinika laguntzailea eta albaitaritza-laguntzaile teknikoa naz, eta beharrari esker narrastien ganeko informazio haundia batzeko aukerea izan dot urte honeetan. Hori erabilten dot animaliak gaixorik dagozanean. Zelan lortzen dozuez? Itxian hazi eta hornitzaileen bitartez saltzen dira. Bartzelona narrasti gehien hazten dan lekua da. Azoketara be joaten naz. Erosiko dozun hurrengo animalia? Urteak daroadaz barano bat hartzeko gogoagaz. Baranoa Komodoko dragoiaren familiako muskerra da. Baina oso txarto moldatzen da iguanagaz, eta leku haundia izan behar da biak eduki ahal izateko.