Belauneko lesio baten ondorioz futbola utzi ondoren, honek ez zuen Amaia Olabarrieta gelditu. Lesioa baino urtebete lehenago atera zituen irakasle-ikasketak, eta ordutik darama irakasle lanetan, Euskara irakasle gisa Zamudioko Lizeo Frantsesean. Honez gain, entrenatzaile lanetan sartu zen Uritarra talde larrabetzuarrean. Bere bi pasioak uztartzea lortu du, eta orain, kirolaren bidez gazteak hezteko helburua duen proiektuak ditu esku artean.
Proiektu nagusiak Kirol Formakuntza Pedagogikoa (KFP) du izena. Hau gabezia batetik jaio zela dio Olabarrietak: “Bazeuden pertsona batzuk momentu horretan umeak entrenatzen ari zirenak gazteak edo kadeteak izanda, edo erregional mailan, umeak entrenatu nahi zituztelako, baina ez zuten inolako formakuntzarik”. Beraz, etorkizunean entrenatzaile izan nahi duten, eta egunformakuntzarik gabeko entrenatzaile direnen “tarteko” proiektu bezala jaio zen KFP. Baina hemen fokua pedagogia da, futbola beharrean. Proiektua hasten ari da oraindik, baina Uritarran aplikatzen hasi dira jada: “Uritarra itzela izan da zentzu horretan, apustu handia egiten dute, eta haiekin hitz egin ondoren, primeran hartu zuten nire ideia”.
Entrenatzaileen paperaren garrantzia
Zoritxarrez, hainbatetan ikusi izan ditugu sare sozialetan gazteen arteko liskarren bideoak, baita gurasoen artekoak ere. Honekin lotuta, Olabarrietak Futbol00 proiektua du martxan, baina oraindik oso hasieran dagoela dio. Ekintza hauek ekiditeko, entrenatzaileek paper garrantzitsu bat dutela defendatzen du. Izan ere, honek dio oso gutxi heltzen direnez elitera, kirola kirol bezala hartu behar dutela, osasuntsua delako; eta harremanak sendotzeko tresna ere izan daitekeela, kirola uztean geratzen zaizuna “pertsonak” direlako. Hau da, gazte batek urte askoren ondoren futbola uztean, pentsatu behar da “balio etiko eta sozial onak dituen pertsona batean” bihurtu dela. “Heztea” dela helburua, azken finean, irabazte/galtze prozesuak baino.
Honekin lotuta, Olabarrietak dio kirola “oso tresna potentea” dela honetarako, baina “ez dela benetan izan dezakeen indarra esplotatzen”. Izan ere, Olabarrietak dio 13 urteko adinaren inguruan, gazteen %24ak uzten duela kirola, ehuneko “oso altua” bere aburuz. Arrazoiei dagokienez, Olabarrietak dio askotan hiru faktore batzen direla: “Entrenatzaileak, jokalarien arteko harremanarekin erlazionatutakoak (bullying-a, indarkeria…), eta gurasoen espektatibak”. Izan ere, orain arte existitu izan diren “entrenatzaile gogorrak” eta horiek osasun mentalean izan dezaketen eragina azpimarratzen du arrazoietako bat bezala: “Nik horrelako entrenatzaileak izan ditut, eta nahiz eta traumarik ez izan horren inguruan, behar horregatik ere jarri genuen martxan KFP”, dio. “Azkenean lortu behar duguna da kirola tresna osasungarri bat izatea. Ez dugu kirola praktikatu behar urrunera heltzeko, aukera badaukazu jarraitu, zure ametsa izan daitekeelako. Baina kirola osasuntsu egoteko tresna bat bezala hartu behar dugu, eta mentalki ondo egoteko gure ingurua ona izan behar da: entrenatzaileak, familia, lagunak…”.
Honekin lotuta, aipatu izan da, entrenatzaile izan aurretik jokalari izateak, jokalariak ulertzen eta enpatia handiagoa sentitzen laguntzen duela entrenatzailea. Olabarrieta ados dago esaldi honekin. Berak dio entrenatzaile “gogorrek” burututako iruzkinak eta hauek eraikitako erlazioak ikusi zuenean, pentsaraztera bultzatu ziola. Bera entrenatzaile izatean “ez zen horrelakoa izango”, nahiz eta garai hartan “argi ez eduki” entrenatzaile izango zen ala ez. “Sentsibilitate falta” sentitzen zuen bere jokalari garaian, adibidez, egun libreak izaterako orduan: “Eguna libre edukitzeko izugarrizko arazoak izaten genituen. Gaur egun eskerrak hitzarmenak daudela, gauzak aldatu dira, goi-mailako nesken futbolean, behintzat, baina gure garaian ez, eta inork ez zuen ezer esaten”.
Hori dela eta, Olabarrieta hurbila izaten saiatu da bere jokalariekin, eta denek kopuru “ia berdina” jolas dezatela da bere helburua, betiere “%100a eskaintzen badute, entrenatzera joaten badira, eta diziplina erakusten badute”. Horretarako, “zorte handi” bat nabarmentzen du: “Ni ez naiz egon goi-mailan, bertan premiak partiduak eta emaitzak dira. Baina ni formakuntzan egon naiz, hori da gustatzen zaidana, gaur egun behintzat. Horregatik nik hasieratik argi nuen formakuntza izanik denek jolastuko luketela kopuru berdin edo ia berdina”.

“Lo gutxi”
Aipatutako guztia gutxi ez balitz, Olabarrieta Eskola Athletic-en ere ari da lanean, koordinatzaile lanetan. Bertan, Athletic-en egituraren barnean dauden entrenatzaileei formakuntza eskaintzen zaie, eta bertan fokua “jokalaria da beti”. Adibidez, Olabarrietak kontatzen du entrenamendua hasi baino lehen jokalariek fitxa bat betetzen dutela, eta bertan zehaztu zertan uste duten hobe dezaketela. Horren arabera, entrenamenduetan bata edo bestea egiten da, eta elkarrekiko feedback bat burutzen da, jokalariek horretan hobetu dutela zehazteko ala ez, eta erantzunaren arabera, horrekin jarraitu edo beste modu batean egokitu. “Guk gidari lana egiten dugu jokalariekin”, dio Olabarrietak.
Hainbeste proiektu eta lanekin, batek galde diezaioke bere buruari ea emakume honek zer egiten duen esku artean dituen gauza guztietara heltzeko. Goizetan irakasle lanetan, arratsaldeetan Eskola Athletic-en, eta hortik kanpo, KFP eta Futbol00. Olabarrietak dio azken bi proiektu hauei (batez ere KFP) momentu honetan “merezi duen denbora guztia” ezin diola eskaini, nahiz eta lo gutxi egin, “familia lana” ere badagoelako. Bi proiektu horietan gauetan edo ahal duen momentuetan egiten du lan. Hala ere, Eskola Athletic-etik malgutasun handia eskaintzen diotela nabarmentzen du, “oso gustura” sentiaraztera eramaten diona. Beraz, dena tartekatzeko “lo gutxi” egiten duela dio, barre artean.
Bukatzeko, etorkizunera begira, burutzen duen lanaz gain, Olabarrietak prestatzen ari den bi proiektu horiek aurrera eramatea gustatuko litzaioke, momentuz txikiak diren proiektu horiek haztea, hain zuzen. Izan ere, futbol zelaian ikusten diren indarkeria gertaerak ekidin behar dira, sare sozialetan horien inguruko bideoak desagerrarazi ahal izateko.