Zergatik erabaki zenuen Lurren Bankuan parte hartzea?
Bizkaian nekazaritzako lurra oso garestia delako. Ezinezkoa da zure burua leporaino hipotekatu barik lurrak erostea, eta, nire ustez, oso inbertsio handia eta arriskutsua zen hasteko. Lurren Bankuaren alokairua arrazoizkoa da, eta horregatik erabaki nuen proiektuan parte hartzea. Lurrak Loiuko Udalarenak dira, baina Bizkaiko Foru Aldundiari lagatzen dizkio Lurren Bankua egitasmoaren baitan erabiltzeko.
Noiz arte duzue kontratua?
Kontratua 2027ra arte dugu, baina, Lurren Bankua egitasmoak aurrera jarraituko duen arren, ez dakigu kontratua berrituko diguten. Espero dugu horrela izatea, gure proiektua asko gustatzen zaigulako eta bertan gelditu nahi dugulako.
Baduzue B planik?
Diego beste sektore batean trebatzen dabil, eta amaitzen duenean baliteke nik ere ikastaroren bat egitea. Beste aukera bat izan liteke erretiroa hartzen duen nekazari baten ustiapena har-tzea… Aukerak aztertu behar ditugu. Nolanahi ere, argi dugu, ahal dela, bertan gelditu nahi dugula.
Eta zerotik hastea beste leku batean?
Ez, aukera hori guztiz baztertuta dugu, ez dugulako ez gogorik, ez indarrik, ezta adinik ere. Lanbide hau oso gogorra da, eta lurrak ez du lanean hasi eta berehala errentagarritasuna ematen. Gure kasuan, bi urte pasatu ziren emaitzak ikusten hasi ginen arte: landak ziren, eta denbora pasatu behar izan zen lurrak baratzezaintzarako propietateak hartu zituen arte.
Zer ekoizten duzue?
Nekazaritza ekologikoan dihardugu, eta Ekolurra zigilua dugu. Sasoiko barazkiak ekoizten ditugu: orain, esate baterako, kalabaza, indaba, erremolatxa, kipula, porrua, espinaka, zerbak, aza, brokolia… Negutegiak ditugu –lurrean landatzen dugu horien barruan–, eta aire zabaleko lursailak. Batez ere barazki-saskiak saltzen ditugu, eta horien banaketa Getxon, Bilbon eta Leioan egiten dugu. Bezero-taldea ere badugu, eta jakinarazten diegu momentu bakoitzean zein produktu dugun. Era berean, zapatuetan Erriberako merkatura joaten gara beste ekoizle bat ordezkatzera. Beste alde batetik, aipatu beharra dago bezeroen eskura inguruko beste ekoizle ba-tzuen produktuak ere ipintzen ditugula, hala nola pastak eta kontserbak.
Hurbileko produktua baloratzen dute kontsumitzaileek?
Bai, asko. Alde batetik, kalitateko eta hurbileko produktua nahi duen kontsumitzailea dugu, nahiz eta beharbada produktu ekologikoa izateari aparteko lehentasunik ematen ez dion; eta beste aldetik, hiru ezaugarriak nahi dituena: produktu hurbila, kalitatekoa eta ekologikoa. Bezeroek gure lana estimatzen dute; eskaera badago.
Nolakoa da lanegun bat Lurbekon?
Orain, egunsentiarekin batera hasten gara lanean, bazkaltzeko ordura arte, 15:00ak arte. Udan, bestalde, 12-14 orduko lanaldiak egiten ditugu. Bi kide garenez, bakoitzak astean egun libre bat hartu dezakegu, eta astebururen bat, plan berezirik-edo badugu.
Oporrik hartzen duzue?
Bai, bakoitzak astebete hartzen dugu urtean. Aldundiak badu lehen sektoreko ekoizleoi oporrak hartzen lagun- tzeko programa bat, eta horretan parte hartu ohi dugu. Beste pertsona bat ipintzen du gure ordez, eta bere soldataren zati bat ordaindu.
Oso leku haizetsuan duzue ustiategia…
Urrian 121 kilometro orduko haize-boladak ere izan ziren. Haizeak askotan apurtzen dizkigu negutegietako plastikoak, eta landareak ere lurrera botatzen ditu. Era berean, euri-jasak ez dira lagungarriak, ezta gehiegizko beroa ere. Baina, bueno, azkenean ikasten da eguraldi txarrari aurre egiten. Azken uda, adibidez, txar-txarra izan da ekoizpenerako, eta ezin dugu inongo laguntzarik eskuratu, ez delako hondamenditzat hartzen…
Hondamenditzat jo?
Erakundeek egoera zehatz batzuetan babesten gaituzte. Adibidez, Ukrainiako gerra dela-eta gora egin zuen intsumoen prezioak, eta ekoizpenaren araberako diru-laguntza eman ziguten –nahiz eta proiektua bera kontuan hartu ez zuten–. Hala ere, esan moduan, azken uda oso txarra izan da, baina hondamendirik egon ez denez, ez zaie bururatzen kasu horretan ere laguntza behar dugunik. Are gehiago, negozioa ixtea pentsatzen dabiltza batzuk.
Eguraldi txarra aipatu duzu, baina burokrazia ere oztopoa da zuentzat.
Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) eskakizunak, esate baterako, oso handiak dira, eta ekoizle txikiok ez dugu aholkulari baten laguntzarik. Hortaz, geuk egin behar ditugu paperak, eta horrek lan-orduak kentzen dizkigu. Gainera, suposatzen da NPBk tokiko ekoizpen jasangarriak babesten dituela, baina azkenean ekoizle edo enpresa handiak dira etekina ateratzen dutenak.
Zergatik?
Bada, lur gehiago erosi ahal dutenez eta inbertsio handiagoak egiten dituztenez, dirulaguntza handiagoak jasotzen dituztelako. Gainera, ekoizpen handiagoa ere badutenez, leku gehiagoetara ailegatzen dira eta merkatua eurenganatzen dute. Kostuak ere merkatzen dituzte, batzuetan langileen kontura bada ere. Era berean, proiektu handi horiek dena suntsitzen dute eta ez diote tokiko ekosistemari mesederik egiten. Guk, berriz, naturarekiko eta tokiko animaliekiko eta florarekiko errespetutsua den pro- iektua dugu, jasangarria ere badena eta paisaiari eusten laguntzen dioena, baina ekoizpen txikia dugunez, ez dugu ez hainbeste diru-laguntzarik, ez hainbeste erraztasunik. Edo gure kasuan, adibidez, ez dugu toxikorik erabiltzen, baina, hala ere, pestizidak erabiltzen dituztenek adina paper bete behar ditugu, eta adina kontrol pasatu.
Duela hilabete batzuk iritzi-artikulu bat idatzi zenuen aldizkari honetarako, eta bertan adierazi zenuen kontsumitzen dugun produktuen % 5 baino gutxiago direla tokikoak. Oso gutxi da.
Alde batetik, ekoizle gutxi gara, eta beste aldetik, zaila da supermerkatu-kate handiekin lan egitea, baldintzak ez direlako onak. Kate handiek asko doitzen dituzte prezioak, eta azkenean baldin- tzek itotzen gaituzte. Supermerkatu txikiek eta auzoko dendek, aldiz, badute beste ikuspuntu bat tokikoa erosteari buruz. Jende askok tokiko produktuak kontsumitu nahi ditu, eta horrela dela bermatzeko modu bakarra da ekoizleari zuzenean erostea.
Elikadura-burujabetzaren aldekoa izango zara, ezta?
Bai, zeren eta kontsumitzen ditugun produktuak nondik etorri diren jakin behar baitugu, nola ekoiztu diren, zein lan-baldintzetan, kalitate onekoak diren… Herri baten paisaiaren eta idiosinkrasiaren parte da nekazaritza. Izan ere, azkenean zer geldituko zaigu? Bada, zelai hutsak eta sasiz beteak. Edo, Araban moduan, landak-eta garbitzen dituzten enpresa handiak, lan hori egiteko, jadanik ez dagoelako ez nekazaririk, ez abeltzainik. Hori ezin da. Gogoratzen dut pandemia-garaian beldurra zegoela hornigaiak ez ote zituzten etengo eta bat-batean mundu guztiak tokiko hornitzaile bat izatea bermatu nahi zuela. Baina pandemia amaitu, eta hori ahaztu zen gero.
Landa-eremua hiltzen ari dela adierazi zenuen esandako artikuluan.
Ez da bakarrik nire iritzia; lehen sektorean urteak daramatzan jendeak ere horrela pentsatzen du. Bataz besteko adina oso altua da gure sektorean, eta laster erretiroa hartuko duten askok ez dute ordezkorik izango. Gero, aipatutako oztopoak daude: diru-laguntza handia jasotzeko, proiektu handietan sartu behar duzu, baina batzuetan ez duzu ez esperientziarik, ez gaitasunik. Hori dela eta, egitasmo askok porrot egiten dute azkenean. Horri lotuta, aipatu beharra dago beren buruaz beste egiten duten nekazarien tasa oso altua dela.
Zer egin dezakegu kontsumitzaileok landa-eremuari laguntzeko?
Tokiko nekazaritza-politika bideragarriak eskatzea, eta ekoizle txikioi laguntzea, gure produktuak erosiz eta gu babesteko eskatuz.