Errotapioneko harri-jasotzaileak

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 12a, 11:35

Lauroetako errepide ertzean dago Errotapione ur-errota. Zenbait hamarkada atzera egin, eta baten batek baino gehiagok gogoratuko du ohikoa zela bertan lau mutil gazte harria altxatzen ikustea. Gazte horiek ziren Jose Antonio Solorzano Aretxa II.a, Jose Enrique Astobieta Astobi, Fernando Gaztañaga eta Bernabe Beitia, eta entrenamenduak Jose Ramón Aretxabaleta Aretxaren gidaritzapean egiten zituzten. Errotapionen berriro elkartu dira harri-jasotzaileak, elkar ikusteko eta plazak jendez gainezka zeuden garaia gogora ekartzeko.

Entrenamenduak egiten Sondikan hasi baziren ere, handik gutxira Lauroetako ur-errotara mugitu ziren, “andrea bertakoa delako”, azaldu digu Aretxak. Harria astean bitan edo birritan, gehienez ordu batez, altxatzen zuten bertan, “ez delako komeni gehiegi altxatzea”. Entrenamenduen osagarri moduan, korrika egitera irten ohi ziren, “kaxa torazikoa lantzeko eta hobeto arnasteko”. Aretxa entrenatzaile ona eta zorrotza zela kontatu digute. “Dakigun edo genekien guztia berarengandik ikasi dugu. Entrenatzaile serioa izan da: “Bihar ez, gaur egin behar!”. “Haiek ere ez dira txarrak izan, eta ahalegindu dira bere beharra egiten”, erantzun die entrenatzaile ohiak.

Jose Ramon Aretxabaleta, Aretxa

Jose Ramon Aretxabaleta, Aretxa

Jose Ramon Aretxabaleta Aretxak 84 urte –eta oso memoria ona– ditu gaur egun. Harria altxatzen 17 urte zituela hasi zen. “Ni Getxokoa naiz, eta egun batean Algortatik paseoan nenbilela ikusi nuen harri zahar bat iturri baten ondoan. Bada, altxatzen hasi nintzen. Gero harri-jaso- tzaileen erakustaldiak ikusi nituen, eta ni ere hasi nintzen”. Herri-kirolen zale amorratua izanik, aitortu digu berari benetan gustatzen zaiona aizkora dela. “Aizkoran ere ibilia naiz, baina berton oso aukera gutxi zeuden eta horregatik ibili nintzen gehienbat harria jasotzen”. Idi-probetan ere ibilia da, “eta sokatiran batzuetan”.

Jose Enrique Astobieta, Astobi

Aretxa bere kabuz entrenatzen zen hasieran. “Gero, afizioa eta harri batzuk zituen bat agertu zen Algortan, eta berarekin entrenatzeko esan zidan. Astean behin entrenatzen nintzen. Txapelketetan hasi nintzen eta, adibidez, Elorrioko sari irabazi nuen. Apustuak ere egin ditut, eta batzuk irabazi ditut, eta beste batzuk galdu”. Fama hartuta, Euskal Herri osoan ibili zen erakustaldiak egiten, batez ere Bizkaian: plazan 397 bider egon da. “Saioak ere antolatu ditut, 200 baino gehiago, eta mikrofonoan egon naiz”. Plaza noiz utzi zuen ez du gogoratzen, baina badaki Herri Kiroletako Bizkaiko Federazioan sartu zen garaian izan zela. “Bi legealditan izan nintzen presidente; guztira zortzi urte”. Leioako eskolako entrenatzaile ere izan da. “Berrogeita hemeretzi pertsona-edo entrenatu ditut”. Administraria ofizioz, Deia eta Gaceta del Norte egunkarietan kronikak idatzi ditu herri-kirolei buruz, eta Radio Juventud irratiko kirol-saioetan ere hartu du parte. “Lau mila eta bat proba ikusi ditut nire bizitzan”. Haien artean gogoratzen du Luxia eta Latasa aizkolarien arteko norgehiagoka. “Donostian izan zen eta plazan 17.000 pertsona batu ziren; nik 18 urte nituen”. Aretxak Deporte Rural 1956-1990 liburua du idatzita.

Fernando Bernabe

PLAZAK LEPORAINO

Garai hartan zaletasun handia zegoen herri-kiroletarako. Plazak leporaino bete ohi ziren, eta apustu handiak egiten ziren. “Dirutza irabazten zen”. 1970ean Endañetaren kontra egin zuen lehen desafioan, esaterako, 3.000 pertsona batu ziren plazan. Azken erronka ere Endañetaren kontra egin zuen. “Esku batekin 150 kiloko harria 21 aldiz jaso behar genuen, zazpi minutuko hiru txandatan. Berak harri kubikoa, eta nik zilindrikoa. Bentaja ikaragarria eman zidan arren, 25 eta 21 irabazi zuen berak, ikaragarri ona zelako”. Chiquito de Mallabiak botatako erronka ere ekarri du gogora. “Eibarren, batzuk mahai baten inguruan geundela, esan zigun arroa bateko abantaila emanda ere gauza zela gutariko edonori irabazteko (Endañetari izan ezik). Beti berdin zebilela erantzun nion nik; eta berak esan zidan niri ere irabaziko zidala eta neuk esateko eguna eta harria. Izorra- tzeko, esan nion berak 181 kiloko harri errektangularra jaso behar zuela, eta nik 194 kilokoa. Eta berak erantzun zidan ez batak, ez besteak lortu ezean, ni izango nintzela galtzaile. Bada, garaile izan nin-tzen azkenean”.

Jose Antonio Solorzano, Aretxa II.a

Gaur egun Getxon bizi den arren, Aretxa Sondikara ezkondu zen. Behin, mendiko bidean Erandiogoikoko Jose Antonio Solorzano Aretxa II.a ezagutu zuen. “Erandioko Salvador Trabudua karrajuan beti egon da harri bat, eta behin, aspertuta, altxatzen saiatu ginen. Eta horrela hasi nintzen 16 urterekin; gaur egun 72 ditut. Egun batean, Aretxa agertu zen eta galdetu zigun zertan genbiltzan eta Sondikara entrenatzera joan nahi genuen. Baietz erantzun, eta halan hasi ginen; Sondikan lehenago, eta gero Lauroetan”, kontatu du Aretxa II.ak. Bere ezizena dela-eta hau kontatu digu. “Bada, ez nekien zein izen ipini eta Aretxak esan zidan nahi izanez gero berea erabiltzeko”.

Errotapionen entrenamendu gogo- rrak egiten zituztela aipatu digu. “Baina batzuk alferrak dira, eta beste batzuk, ez”, gaineratu du Aretxak. “Honek –Aretxa II.a–, adibidez, behin, entrenamendu batean, 100 kiloko harri kubikoa 100 aldiz altxatu behar zituen, baina 87 aldiz altxatu ondoren mareatu egin zen eta barrukoa bota zuen. Gelditzeko esan nion, baina ezetz erantzun zidan, oraindik 13 bider altxatu behar zuela… Esan eta egin. Ona izan behar da horretarako”. Harriak erosten zituztela edo enkarguz egiteko eskatzen zutela kontatu digute.

 

GORALDIA ETA BEHERALDIA

Aretxa II.ak ondo gogoratzen du lehian lehen aldiz noiz sartu zen. “1969ko maiatzaren 1ean, Elorrietan”. Harrezkero Bizkaiko eta Euskal Herri osoko plazetan ibili zen eta Bizkaiko txapelduna “zortzi edo bederatzi” bider izan da, eta bi bider Euskadiko hirugarrena. “Nire markarik onena 14 arroako harri kubikoa izan da, beharbada. Arroa bakoitza da 12,5 kilo: beraz, 175 kilo. Sei minutuko hiru txanda izan ziren, eta 9, 9 eta 8 jasoaldi egin nituen: 26 guztira”. Harria altxatzeari 38 urte zituela utzi zion. “Azken plaza Algortan izan zen, 1990ean. Baina, aurretik ere, 1985ean, utzi nuen. Bizkaiko txapel- keta izan zen Loiun, eta harria hanka gainean erori zitzaidan eta hezur ba-tzuk apurtu nituen. Bi urte eman nituen lehiatu barik, gero itzuli, baina 1990ean utzi nuen behin betiko”. Aretxa II.a igel- tseroa izan da ofizioz.

Goraldiaren ostean, beheraldia etorri zen. “Asko jaitsi zen zaletasuna”. Hala ere, badirudi harria jasotzea modan dagoela berriro, eta telebista-saioak eta guzti egiten dira. “Baina harri-jasotzaile horiek zerikusi gutxi dute gurekin”, aipatu du Aretxak. “Gimnasioan entrenatzen dira, eta crossfit-a egiten dute; gu beste modu batean entrenatu gara. Gainera, ondo jan dugu beti: txuletak eta arrautza pilo bat. Eta ez genuen urik edaten, ezta egundoko izerdikada botata ere. Eta berdura? Ezta pentsatu ere (kar-kar)”. Beste garai batzuetako harri-jasotzaileak izan ziren Errotapionekoak.