Lehengo egunean film berezi bat ikusi nuen Bilboko Fant zine jaialdiaren barruan. Lars izeneko tipoa herri txiki baten bizi zen, eta besteekiko harremana zail suertatzen zitzaion; ukitzeak ere mina ematen zion. Bere etxebizitza zen garajearen ondoko etxean anaia eta haren emaztea bizi ziren. Horiek Lars erakartzen eta laguntzen saiatu arren, ez zuten lortzen. Harik eta Larsek neskalaguna topatu zuen arte. Neska gazte eta ederra zen, brasildarra eta elbarria. Gurpildun aulki batean egoten zen jesarrita, eta Larsek hartu behar izaten zuen besoetan, leku batetik bestera mugitzeko.
Hasiera batean, eta nahiz eta mutila pozik ikusi, errezelotsu erreakzionatu zuten familiakoek eta herrikoek. Bianca izeneko neska bitxia eta kanpotarra zelako; eta, gainera, ez zuen berbarik egiten. Baina laster konturatu ziren poz handia ematen ziola Larsi, komunikatzeko hainbeste zailtasunak izan ondoren zabaltzen hasi baitzen. Harremanetan traba gutxiago izaten eta besteen kontaktua onartzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Herri osoa hasi zitzaion laguntzen Biancari: lana eskaini zioten, boluntario lanetarako ere lekua egin zioten parrokian, eta urtebetetze zein bestelako ospakizunetara gonbidatzen zuten, herriko bizitzan guztiz bertakotu arte.
Herriko abadeak ere garrantzia izan zuen prozesu guzti horretan, Bianca beste erlijioko batekoa izan arren elizan hartu zuelako eta hura onartzera animatzen zituelako herrikideak. Baita medikuak ere. Horrek hipertentsiorako tratamendua jartzen zion astero neskari eta, bide batez, solasaldi ederrak izaten zituen Larsekin.
Medikuak neskalaguna oso gaixorik zegoela esan zion mutilari. Eskerrak!, zeren eta egun batean Biancak konortea galdu zuen etxean, eta Lars urgentzietara garaiz deitzeko kapaz izan baitzen. Biancak episodio hori gainditu zuen anbulantziari esker; baina, hala ere, ez zuen luzaroan iraun, eta handik gutxira hil egin zen. Herrikide guztiek eman zizkioten doluminak Larsi, eta loreak ere bidali zituzten. Eta gutxi batzuk ondo-ondoan izan zituen mutilak neskalagunaren gaixotasunaren azken egunetan.
Hileta egunean maitasunari buruz hitz egin zuen abadeak, eta gauzak eta pertsonak aldatzeko duen gaitasunaz. Eta pertsona biren arteko maitasunaz, baita herrikideen artekoaz ere. Eta Lars, minaren minez, lagunen besarkadak onartzeko gai izan zen; gustatzen zitzaion bulegoko neskarena horien tartean. Lurperatu orduko, guztiek ahaztuta zuten Bianca internet bitartez erositako silikonazko panpina sexuala zela.