...+Fukushima+...?

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 13a, 14:14

Testua: Patxi Ugalde, aktore ohia

Azken istripu nuklear larria Japonian izan da. Lehenago Estatu Batuetan (Harrisburgekoa) izan zen; eta geroago, Ukranian (Txernobilekoa). Eta hori, entzutetsuenak baino ez aipatzearren. Baina zenbat gorde dute isilpean enpresetako arduradunek/bakoek eta nazioarteko erakundetakoek, antza, inor artega ez dadin? Ez ote da susmagarria “gure mesedetan” darabilten isilpeko jokabidea? Energia nuklearraren aldekoek, haren arriskugarritasuna ezeztatu gabe, aho batez esaten dute babes- eta kontrol-neurri handienez baliatzen direla. Eta, gainera, ikatzarekin, petrolioarekin eta gas naturalarekin alderatzen bada, energia-iturri hori garbiagoa eta merkeagoa dela. Eskarmentuak argiro erakutsi digunez, ordea, zorioneko neurriak hutsaren hurrengoa izaten dira estualdietan, fisio-erreakzioek indar betean aurrera jarraitzeko joera dutelako. Etena zenbait protokoloren arabera egin behar da, astiro-astiro, eta hortaz, kasu askotan ez da egoten okerra zuzendu eta kontrola berreskuratzeko adina denborarik. Garbitasunari dagokionez, egia da, bai, zentral nuklearrek ez dutela berotegi-efekturik areagotzen, ez dutelako karbono dioxidorik eguratsera botatzen. Horren truke, tonaka hondakin erradioaktibo uzten dituzte, eta guk ez dakigu zer egin sastar pozoitsu horrekin, non/zelan batu, ekosistemari kalterik ekar ez diezaion. Irtenbideak behin-behinekoak dira, ez dute epe luzera balio; eta epe laburrera ere, ozta-ozta. Ondare ederra geroko gizaldientzat, arraioa! Eta zer esan merketasunari buruz? Espainiako estatuan zentral nuklearrak elektrizitate-sarera konektatu zirenetik, argindarraren fakturari zerga berezi bat gehitu zitzaion, ekoizleentzako laguntza moduan. Hura oraindik ere ordaintzen dugu “zerbitzuak eta bestelako kontzeptuak” eufemismo polit horren barruan. Alemaniako agintariek energia nuklearra behingoz baztertzea erabaki berri dute. Hedatuko ahal da munduko txoko eta bazter guztietara ereduzko irizpide hori! Hala bedi.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).