“Euskerearen alde lanean jarraituko dot; nire bizitzea da”

Aikor aldizkaria 2017ko abe. 4a, 12:44

Belen Gana, euskara militantea

Sondikoztar jaiotzez; halanda be, eta baserria lekuz mugidu barik, loiuztar bihurtu zan aireportuaren kapritxoagaitik. Baina Belen batez be txorierritarra da, “haraneko edozein herritan gustura nagoelako”. Irailera arte Txepetxa AEK euskaltegiaren zuzendaria izan dana giltzarria izan da Txorierrin euskeraren normalizazio bidean. Erretiroa hartu barri dagoala, irakasleek, ikasleek eta lagunek omenaldi hunkigarria egin eutsien bere urtebetetze egunean.    

Lagun pilo bat batu zan urriaren 28an, zure urtebetetze egunean, Ba­serri Antzokian zuri omenaldia egiteko. Hunkituta?

Bai, itzela izan zan. Eskertzekoa da agur horretan nigaz hainbeste jentek egon gura izatea.

Hirurogeta sei urte bete dozuz. Zen­bat euskerearen alde lanean?

Oso gazte hasi nintzan, 15-16 urte nebazala. Herri Gaztedin sartu eta ikusi genduan herrien euskerea galtzen ari ginala, askok euskeraz bakarrik etxean egiten genduala, eta pentsau genduan berreskuratu behar genduala. Eskola xumeak emoten hasi ginan, gero gau eskolak, eta apurka-apurka modu an­tolatuagoan hasi ginan Txorierriko he­rri guztietan. Lantegietan be hasi gi­nan eskolak emoten. Borondatez egiten genduan. Hainbat bilera euki genduzan, eta Euskaltzaindiatik eskola horreek, gramatikea, modu egokian emon be­har zan kezkea zabaldu zan… Halan sortu zan AEK, eta gaur egun arte.

Txorierri zelangoa zan garai hatan? Txorierri zelangoa da gaur egun?

Eskolako lagun gehienok euskeraz egiten genduan etxean, baina eskolara sartu eta gaztelaniaz derrigorrean egin behar. Gainera, batzuk hasi ziran gaztelania hezkuntza kultua zan mezua etxean zabaltzen, euskerea baserriko gauzea za­la. Euskerea galtzen joan jakun… Eta gaur egun, guztion artean lortu dogu eus­kereak bere lekua hartzea, D eredua, lantegietan euskera eskola gero eta ge­hiago eskatzea… Baina oraindik badogu lana, ez dogulako lortu euskerea kalean guztiz normalizatzea. Izan be, esaterako, askotan denda batera sartu eta automatikoki gaztelaniaz egiten dogu, aurrean dagoanak euskeraz dakien galdetu barik. Hori irabazteko dogu oraindik.

AEKn ibili zara sortu zanetik. Ez da erraza AEK-ko irakaslea izatea, ezta?

Ez, baina badago jentea, nire moduan, AEKn sinesten duguna, eta AEKn sendo eta gogor gabiltzana. AEKn lan egitea ezbardina da, gramatika eskolez gainera mila kontu dagozalako: batzarrak, ekitaldiak, mintzamena lantzea, ikasleei euskal kulturea, geografia, literaturea… helarazotea, euskeraz egiteko konpromisoa hartu dagiela lortzea, eta hori pozik egitea… Hau da, ikasleek euskerea eurena egin eta euskeraz bizi daitezala lortzea. Bestetik, diru-arazo handiak be eduki do­guz, gaur egun hobeto gagozan arren. AEK Euskal Herri osoko egitura da eta boltsa beretik banatzen jake herrialde guztiei; halanda be, egoerea ez da berdina Euskal Autonomia Erkidegoan, Iparraldean edo Nafarroan…

Eta zalantzan ipini zan zuen lana…

Hori kontu politikoa izan zan, argi eta garbi. Espainian ikusi eben gure lana oso garrantzitsua zala, eta gu oinarria izan gi­nala euskerea berreskuratzeko ekimenean. Borondatezko lana be ez eben ulertzen eta ekonomia erabili eben guri erasoa egiteko. Dana dala, AEK oso txertatuta dago gaur egun herrian eta herritarrek badakie euskerearen alde lan egin, lan egiten eta lan egingo dogula. Guk be mu­ga handiak ipini geuntsazan geure bu­ruari, soldatapeko irakasle bihurtu ginanean… AEKra lanera datorrenak euskara militantearen ezaugarriak bete behar ditu.

Pozgarria be bada?

Bai, nik oso pozik egin dot lan AEKn. Nahiz eta kezka handiak eduki eta mo­mentu txar asko pasatu… Garzonek ipinitako isuna ordaintzeko, loteria saltzen ibili ginan, txosnak ipinten, gau eta egun go­gor lan egiten erdia kobratuta… Os­terantzean, pikutara joango ginan. Eta da­non artean lortu genduan, eta orain nasaiago egiten dogu lan.

Konpondu bako arazorik badozu?

Egia esan, bai. Ikasleei emoten jaken diru-laguntzea nire kezkarik handiena izan da azken urteotan, eta halan jakinarazo deutsiet bertoko politikariei. Maila gainditzen dauan ikasleak diru-laguntzea jasoten dau Jaurlaritzatik, Aldunditik eta Txorierriko Mankomunidadetik. Nire us­tez, Mankomunidadeak diru-laguntza ho­rreek emoteko erabilten dituan irizpideak berrikusi egin beharko leukez, eta ahalegindu dan ikasleari be diruz lagundu, maila gainditzea lortu ez dauan arren. Izan be, badagoz ikasleak klasera etortzen diranak eta egundoko ahalegina egiten dabenak, baina arrazoi batengaitik edo beste batengaitik maila igoten ez da­benak. Aurrera jarraitzeko animau beharrean, diruz zigortzen dira. Mankomuni­dadeak diru-laguntzak humanizatu egin beharko leukez. 

Belenen zer geratu da Txepetxa euskaltegian?

Ene! Txorierri osoko ikasle ohiak gu­gaz parte hartzea ekitaldietan, hamabietako kafea, arduradun moduan bakardadean hartu beharreko erabakiak partekatzea, ikasleei harrera positiboa egitea, lagunakaz, seme-alabakaz… euskeraz egitera animatzea, motibatzea… Ez da­kit, hori eurek esan beharko leukie. Nik, neure aldetik, eskerrak emon gura deutsedaz ibilbidean izan dodazan lagun eta laguntzaileei.

Euskeraren alde lanean jarraitzeko prest?

Jakina! Hori neure bizitza da. Tximintx Derioko euskera alkartean jarraituko dot, Altzora Sondikako euskera alkartean, Gu­re Esku Dago ekimenean, sortzen diran egitasmoetan… Euskaltegitik be pasauko naz eta behar daben guztian lagunduko deutset. 

Erlazionatuak

Txorierrik eskerrak eman dizkio Belen Ganari

a: Roberto Gómez, Txiki 2017 urr 30 Txorierri

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).