Txorierrik eskerrak eman dizkio Belen Ganari

a: Roberto Gómez, Txiki 2017ko urr. 30a, 12:39

Belen Ganak erretiroa hartu du eta, horren haritik, omenaldia egin zioten hainbat euskaltzalek urriaren 28an, bere urtebetetze egunean, hain zuzen ere. Belen oso gaztetxoa zela hasi zen lanean euskara arloan eta Txepetxa AEK Derioko euskaltegiaren arima izan da.  

Goizean, Belen euskaltegian batu zen lankide eta ikasleekin. Omenaldi xumea izan zen, baina handik guztiak abiatu ziren bazkaltzera “Sorpresa itzela hartu nuen, sorpresa ona. Eta oso hunkigarria, noski”, esan digu Belenek. “Baserri Antzokira joan ginen, baina aparkalekuan utzi beharrean, errepidean jaitsi nintzen. Arraroa zen, baina hainbat jende sarreran nire zain ikusi nuenean argi ikusi nuen. Ez nuen autotik atera nahi (kar, kar)”.

Guztira, 140 lagun batu ziren Belenen omenaldian: hainbat elkarte, euskaltzale, ikasle eta lankide ohi. Iñaki Beitiak harrera egin eta gero bazkaria izan zen. Ostean, Olga Loroñok eta Jasone Herrerok, Belenen ordezkariak euskaltegian, brindisa egin zuten eta Irkus Robles-Arangiz margolariak margolana oparitu zion Beleni. Era berean, bideo bat igorri zen eta bertan omenaldian egon ezin izan ziren lagunek esker oneko hitzak eskaini zizkioten. Bukatzeko, Belenen hainbat argazki ikusteko aukera egon zen pantaila erraldoian.

“Hainbat lagun batu ziren, Txorierriko herri guztietakoak. Harrigarria izan zen. Banan-banan ibili nintzen agurtzen, baina ez nuen astirik guztiei eskerrik asko esateko. Pozik nago omenaldia bizirik nagoela egin didatelako (kar, kar). Bestela, ez nuke jakingo jendeak erantzun ederra eman didala”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).