Ahuldu zuten euskarari indarra eman zenion, isilarazi nahi zuten hizkuntzaren sugarra hauspotu, hamarka, eta geroago ehun eta milaka Txorierriko txokotan euskararen txinparta piztu eta elikatu. Zure ibilbide emankorra bailara txiki honen memorian errejistratuta dago. Lehen euskara eskolak Txorrierrin, gauez edo egunez (ordutegiak ez du inporta), hasi ziren modu ez oso legalean eta joan ziren finkatzen. Zure ibilbidean zehar hainbat pasarte, momentu, partekatu ditugu, denak ere euskararen argia indartu asmoz; Txepetxa euskaltegiko batzarrak, ikasleei egindako ongi etorriak, sagardotegira bidaiak, pintxo lehiaketak, Korrika eta “korrikitis-a”, dantzan, kafetxoa, matrikulazio kanpaina, administrazio koadrikulatuarekin borrokak, eta udal ordezkariekin bilkurak… guzti horiek inoren edo guztion mesedetan, euskararen alde.
Nekaezina eta irribarrea ahoan, plazer bat izan da, Belen, zure bidailagun izatea. Eta hemendik aurrera ere elkar topo egingo dugu edozein herriko jai edo borrokatan, euskararen indarrak txorien herriak argitu eta berotu arte.