Aipatutako azken horretan hain zuzen, haginean (taxus baccata), ipiniko dugu arreta; erdaraz tejo da. Hagina ez da oso zuhaitz ezaguna, ezta ikusten erraza ere. Garai batean, hilezkortasun-sinboloa izan zen gure kulturan, bi mila urte baino gehiago iraun dezake eta. Hilerri eta ermiten inguruan landatzen ziren. Ehun Urteko Gerran (1337-1453), Ingalaterrak hiru bataila irabazi zizkion Frantziari, eta kontatzen denez, hori haginez egindako arkuak erabiltzeari esker izan zen: geziak askoz urrutiago bidaltzen ei zituzten.
Jakin-beharrekoa da haginaren hostoak eta fruituak oso pozoitsuak direla, eta, hortaz, ez direla ahora eraman behar. Dokumentatuta dagoen moduan, erromatarren eskuetan jausi baino lehen, asturrek, kantabriarrek eta gure ingurukoek hagin-infusioa edaten zuten euren buruaz beste egiteko. Horri lotuta, “heriotza-zuhaitza” ere deitu zaio. Beraz, ikusi, hurbildu eta disfrutatu, baina ez ebaki ezer: pozoitsuak izateaz gainera, haginak babestuta daude.
Arabara joan behar da Euskal Herriko hagin handiena ikusteko: Antoñana herritik Soila mendira doan bidezidorra hartu, “La senda del agin”, eta laster aurkituko dugu hagintzarra. Bilboko parkean ere pare bat hagin eder daude. Bestalde, Bizkaian hurrengo zuhaitz hauek Aparteko Zuhaitz izendatu dituzte, eta babestu: Garain Etxeitako artea; Muxikan, San Romango artea; Artzentalesko haritza; eta Gorbeian, Arimekorta edo Aginaldeko hagina. Beste hamaika zuhaitz berezi ere aurkituko ditugu gure mendietan; disfruta ditzagun.
Aginaldeko hagina bisitatuko dugu. Barazarreko mendatea igoko dugu, eskuinera egin, eta 3 km ingurura Saldropo hezeguneko aparkalekua ikusiko dugu. Oinez jarraituko dugu porlanezko pistatik, Gorbeiara doan bidetik; ezkerretara karobi baten aztarnak daude. Bidea lurreko pista bihurtzen da aurrerago, eta bidezidorra, aldapa gogorra gero. Haitz baten azpitik pasatuko gara: Atxuriko igarobidea da, ikusgarria, baina kontuz ibiltzekoa. Azken zailtasunak gaindituta, lautadatxora helduko gara. Gorbeiako toki politenetarikoa da hau, garbia ibiltzeko, Aldamin eta Gorbeia aurrez aurre ditugula. Eskuinera egingo dugu. Bide garbirik ez dagoen arren, erraza da aurrera egitea; hala ere, lainoa badago, hobe da ez jarraitzea. Lautadatxoaren ertzetik ahalik eta hurbilen joanda aurkituko dugu Arimekorta tontortxoaren buzoia (939 m).
Behean pista batzuk eta aterpeak ikusiko ditugu, eta harantz joango gara. Pistara heldu, eta ezkerretara, 50 metro eskasera, monumentu megalitiko bat dago muinotxo baten gainean. Errekatxuetako Atxa trikuharria da. Ez da erraza hura topatzea, baina bisitatzea merezi du. Pistatik jarraituko dugu, baina ez Gorbeiarantz, kontrarantz baizik. Aginaldeko hagina 300 metro eskasera dago, aterpe txiki baten ondoan. Gure helburura heldu gara. Handia da, ederra, zaharra… Inguru guztian hagin txikiak daude, heziek babestuta.
Bi aukera ditugu Saldropora itzultzeko: etorri garen bidetik itzuli (4,5 km) ala porlanezko pistatik aurrera egin (8 kilometro dira, erosoagoak, baina astunagoak). Azken hori aukeratuz gero, pistatik jarraituko dugu behera eta behera. Ikusiko dugun lehen baserriaren ostean, eskuineko pista hartuko dugu eta apurka-apurka gora eginez Saldropora helduko gara; bestela, Zeanurin amaituko dugu.