Mendiz mendi ibiltzeko era asko dago: oinez, korrika, bizikletaz, perretxiko bila... Bakoitzak bere gustuko era, edo erak, aukeratzen ditu. Gu ez gara nor inori esateko nola disfrutatu naturaz, baina bai proposatzeko: ibili bidez bide, baina ibili patxadaz.
Eta zer esan gura dugu patxadaz ibiltze horrekin? Ez dugu astiro esan nahi, bakoitzak bere erritmoa du, baina bai begiak zabalik, gauzak begiratuz, gelditu behar denean gelditu, aztertu behar dena aztertu, ikusi beharrekoak ikusi.
Eta badago zer ikusi? Jakina. Hasi pasaietatik, natura bera, zuhaitzak, errekak, ur-jauziak... eta gizakiak mendez mende utzitako arrastoak. Batzuk milaka urte dituztenak, beste batzuk ez hainbeste, baina merezi dute geldiune bat eta azterketa minimo bat. Sarritan, informazio faltagatik, interes faltagatik, bazterrean uzten ditugu kasu gehiegirik egin barik.
Merezi dute begirada bat, euren gainean informatzea: gure historiaren partea dira, askotan garrantzitsua. Eta zertaz ari gara? Zer aurkitu ahal dugu? Hona hemen zerrenda posible bat: karobiak (karea egiteko erabiltzen zirenak), elurzuloak (udan izotza eduki ahal izateko), ikaztegiak (bertan txondorra egin eta ikatza atera), monumentu megalitikoak (hilen erritualekin zer ikusia zutenak), galtzadak (oraingo bide sarearen aitzindariak), basakortak (abereak mendian batzeko guneak), kirikinoak (gaztainak batzeko lekuak), ermitak (era askotakoak), erromanikoa, erromaniko aurreko leihoak (kapitulu aparte merezi dutenak), gazteluak, dorretxeak, gotorlekuak (defentsarako eraikiak, batzuk kristo aurrekoak, besteak karlisten garaikoak), olak edota errotak (lehenago burdina ateratzeko eta gero garia edo artoa ehotzeko), haize errotak, bunkerrak (zoritxarrez Txorierri inguratuta dago), erretabloak (batzuk historikoak eta ederrak), trenbide zaharrak, eguzki erlojuak, armarriak, garaixeak (horreoak), loberak (otsoak harrapatzeko eraikuntzak) eta abar.
Aikor! aldizkariko hurrengo zenbakietan saiatuko gara horietako bakoitza aztertzen. Zer ziren, zertarako erabiltzen ziren eta Txorierrin, posiblea bada, edo inguruan ibilaldi bat edo gehiago proposatuko dugu haiek ikusi eta gozatu ahal izateko. Beraz ondo ibili, patxadaz, eta gozatu mendiaz.