Menditik patxadaz

Dorretxeak

t: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2023ko api. 13a, 12:08

Behe Erdi Aroa (XIII.-XVI. mendeak) al­daketa-garaia izan zen Europan. Gu­rean, jauntxoak dorretxeak eraikitzen ha­si ziren euren boterea erakutsi, man­tendu eta handitzeko. Etxebizitzak izan arren, dorretxeek funtzio militar handia zeukaten, eta euren menpean ia beti izaten ziren ola-errotak, bidesaria kobratzeko zubiren bat, ermitaren bat eta inguruko baserriak. Interesen arabera, ganboatar bandoaren edo oinaztar bandoaren alde jokatzen zuten, eta ezin konta ahala lapurretak, batailak eta triskantzak sortu zituzten euren artean. Beranduago, do­rretxe gehienei goiko aldea kendu zieten, eta euren funtzio militarra galduz joan ziren, etxebizitza bilakatzeko.  

Txorierrin zenbait adibide ditugu. Haie­tako batzuk oraindik harro mantentzen di­ra; esate baterako, Lezama, Zamudio eta Martiartu leinuek sortutako dorreak. Beste batzuk, aldiz, nahiko desitxuratuta daude; adibidez, Sangroizeko, Asuako eta Ugartetarren dorreak.  

Dorre horien guztien artean, Martiar­tukoa aipatuko dugu. Gaur egun ematen ez badu ere, leku estrategikoan dago, itsa­sotik, Getxotik, zuzen datorren aranaren buruan. XIV. mendean eraiki zen, eta XVI. mendean, berreraiki; 2,4 metroko hor­mak ditu. Butroi eta Martiartu leinuen arteko ezkontza baten ondoren altxatu zen; geroago, beste ezkontza baten bi­dez, Zamudio leinuarekin elkartu ziren Martiartuarrak. Erandioko elizan dauden es­kulturak dira horren lekuko. Berriztatu be­har den arren, garai bateko itxura ederra man­tentzen du Martiartuko dorreak.

 

Ibilbide proposamena

Martiartun hasiko dugu 9 km-ko ibilaldia. Dorrearen ondoko San Antonio ermitak harriz grabatutako idazki bat du, eta armarria; bertan Martiartu, Asua eta Getxotarren armak daude. Ermita aurreko bidetik joango gara eta laster, kartel handi bati kasu eginez, ezkerreko lurrezko pista hartuko dugu beherantz. 

Aldapa gora amaitzen denean, au­rrera egingo dugu, eskuinera 10 metro eginez. Beherantz goazela alde bietan pistak agertuko zaizkigu, baina guk nabarmenetik, zapalduenetik jarrai­tu­ko dugu. Une batean pixka bat egiten du gora, eta laster beheko errekatxora doan bidezidorra hartuko dugu. Gure in­guruetan geratzen diren baso eder eta magiko eskas horietakoa da; hortaz, lamiaren bat ere agertzen bada, ez gara harrituko. 

Bidezidorren labirintoa da. Ur-putzua pasatu, eta eskuineko bidezidorra hartuko dugu, errekaren bazterretik doana. Jausi­tako zuhaitzak oztopo direla, ezkerrera egin beharko dugu, eta gora. Alanbre-hesi batera heltzen bagara, zorionak: lortu dugu basotik irtetea. Dena den, labirintoan galtzea ere merezi du. 

Alanbretik hurbil bi arte eder ikusiko ditugu, eta haien atzean, alta tentsioko pos­tea. Horra igo eta pista zabalago ba­te­kin egingo dugu topo. Eskuinera egingo du­gu, Sustatxa etxeetatik igaro eta errepidera heldu; Unbetik Berangora doana. Eskuinera egin pixka bat, eta ezkerretik da­torren lurrezko pista zabaletik jarraituko dugu. Hemen ere alde guztietatik daude pistak, baina guk nagusitik segituko dugu. Goian gaudenean, eskuinetara egin, eta pista zabalak jarraitu beharrean - basaz eta putzuz beteta egoten da - hartu bi­de­zidorra gorago. Gerrako lubakiak agertuko zaizkigu luzaro; ingurua erre egin zen iaz eta horregatik errazagoa da aztarnak ikus­tea. Ikurrina ikusten den lekuan Muna­rrikolanda mendiaren tontorra dago. Bu­zoia, gerrako lubakiak, gerra osteko bun­ker handi bat...  Ingurua trikuharri-tu­muluen lekua da, bosten aztarnak aur­kitu daitezke. Gure arbasoek han hi­lobiratzen zituzten kideak, batek daki zein erritu erabilita. 

Bidezidorretik eta azkenean pistatik jarraituko dugu errepidera heldu arte. Hori gurutzatu, eta behera doan bidea hartuko dugu; handik aurrera asfaltoa izango da nagusi. Kiwi-sail handi bat eta ahabi-sail bat pasatuta, Ugarte au­zora helduko gara. Desitxuratutako bi do­rretxe daude bertan, bat ezkerrean, eta bes­tea eskuinean; azken hori kartzela moduan erabili zen inoiz. Bidetik ja­rraitu, eta zirkulua itxi baino lehen bi­de-baz­terrean ikusiko dugu ola-errota izandakoa. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).