Biri-belarra

a: Pexels 2024ko urt. 19a, 09:05

Pulmonaria longifolia, officinalis… Oso landare iletsua da, zurtoin zutitua du, eta gutxi gorabehera 30 cm-ko altuera. Bere hosto lantzeolatuek orban zuri bereizgarriak dituzte kanpoko aldean. Oso ugaria da gure lurraldeetan eta topatu dezakegu leku umeletan, basoetan, malda ospeletan, bide-ertzetan eta larreetatik hurbil.

Noiz batu

Hostoak eta loreak erabiltzen dira. Landare hau neguaren amaieratik udaberrira arte batu daiteke, izan ere, udaberrian bertan loratzen da; hala ere, bilketa ekainera arte luzatu daiteke. Zurtoina, loreak eta hostoak dituela moztu behar dugu, eta sortetan zintzilikatu, sikatu daitezen.

Sukaldean

Hostoak jangarriak dira eta beste propietate batzuez gain muzilagoak (antioxidatzaileak) eta C bitamina dituzte. Antzina, hostoak barazki moduan erabiltzen ziren, gaur egun ohitura hori desagertu den arren. Egosita jan daitezke zopetan eta menestretan, edo gordinik entsaladetan; edozelan ere, muzilago-testura dutenez eta iletsuak direnez, ez dira gordinik jateko oso atsegingarriak.

Biri-belar purea (lau lagunentzat): tipula bat, sei porru, 150 g zerba, patata bat, 150 g biri-belar hosto eta bi azenario. Barazkiak garbituko ditugu, zatitu, eta oliba-oliotan 5-10 minutuan sueztituko ditugu. Gatza eta piperra botako dugu, barazkiak urez estali, eta 15 minutuan egosiko ditugu. Irabiatuko dugu, eta, nahi izanez gero, oliba-olio txorrotada bat eta haziak botako ditugu. 

Propietate sendagarriak

Biri-belarra da emolientea, espektoratzailea, izerdiarazlea, idorgarria eta hantura-kontrakoa.

Barruko erabilera sendagarriak:

Lagungarria da arnasbideetako gaixotasunak arintzeko, hala nola katarroa, eztula eta bronkitisa. Bestalde, beherakoa eta digestio-ondoezak arintzeko erabili dezakegu, esaterako, urdaileko mina, hantura eta indigestioa.

Biri-belarra diuretikoa da eta organismoari laguntzen dio gorputzean ditugun gehiegizko likidoa eta toxinak kanporatzen. Era berean, erabili dezakegu gernu-aparatuko infekzioetarako, zistitiserako zein giltzurrunetako arazoetarako. Osasunerako onuragarria izateaz gainera, laguntzen digu zahartzearen kontra, izan ere, aberatsa da antioxidatzaileetan eta beste konposatu batzuetan, zeinek organismoa erradikal askeek sortzen dituzten kalteetatik babesten baitute. 

Aurreko lerroetan aipatutako erabilera guztietarako, hosto- eta lore-infusioak hartu ditzakegu egunean hiruzpalau aldiz. Infusioa prestatzeko, ur litro bakoitzeko 20-30 g hosto eta lore beharko ditugu. Irakiten 15 minutu inguru izango dugu, eta bost minutuan, jalkitzen. Nahi izanez gero, biri-belarra beste landare hauekin nahastu dezakegu infusioa egiteko: apo-belarra, plantaina, eukaliptoa, intsusa eta malba. 

Kanpoko erabilera sendagarriak:

Orbaintzailea eta hanturaren eta bakterioen kontrakoa denez, erabili dezakegu zauriak, hemorroideak eta larruazaleko gaixotasunak arintzeko. Hostoak egosi ondoren lortzen dugun likidoa erabili behar dugu, garbigarria izango balitz moduan. Hori prestatzeko, 250 ml uretan 30 g hosto egosiko ditugu 15-20 minutuan. Hostoak uretan utziko ditugu beratzen, hoztu arte. Ostean, likidoa iragaziko dugu. Likidoa egunean bitan erabili dezakegu larruazala edo artatu beharreko guneak garbitzeko; likidoan bustitako zapiak erabili ditzakegu horretarako.

Hemorroideak izanez gero, gomendagarria da infusioa edatea, lagungarria baita barruko odoljarioak txikiagotzeko. Hori dela eta, hilekoa dugunean ere hartu dezakegu, odol-galera handiegia bada.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).