Udaberri-lorea edo San Jose belarra

a: Primula vulgaris. WIkimedia / Robert Flogaus-Faust 2024ko api. 9a, 14:15

a: WIkimedia / Robert Flogaus-Faust

Primula officinalis / veris, Primula vulgaris. Landare hau udaberrian, edo apur bat lehenago, loratzen da, eta hortaz iragartzen du urtaro hori ailegatu dela; horregatik, San Jose belarra moduan da ezaguna. Landare iraunkorra da, hazkunde txikikoa eta 500 espezie inguru dituena.

Espezie horietako batzuk berez hazten diren arren, lorategi askotan ikusi daitezke landatutako espezieak. Hosto obalatuak ditu, apur bat iletsuak eta nahiko lodiak; erroseta osatzen dute. Loreak bakarrik edo 8-12 lorek osatutako lukuetan agertu daitezke. Usaintsuak dira eta bost lore-hosto dituzte: Primula vulgaris edo Primula veris barietateen kasuan, hori argi edo bizi kolorekoak dira, eta landutako barietateen kasuan, arrosa, more, gorri… koloretakoak izan daitezke.

Larre, bide eta mendi magaletan hazten da. Lur ondo ongarrituak eta drainatze ona dutenak behar ditu; bestela hostoak horitu egiten dira. Erdi-itzalpean hazten da eta tenperatura txikiak jasaten ditu; hala ere, ez ditu izozte handiak jasaten. Udaberriaren hasieran batu behar dira sustraiak, hostoak eta loreak. Sustraiak oso ondo garbitu behar dira, eta gero eguzkitan sikatu. Hostoak, bestalde, landarea loratu baino lehen batzen dira eta itzalpean sikatzen dira, leku aireztatu batean; flasko itxietan gordetzen dira, hezetasunik ez dagoen leku batean.

Primula veris landarea

Tradizioz, Primula veris barietatea erabiltzen da landare sendagarri moduan; hala ere, Primula vulgaris barietatea ohikoagoa eta ugariagoa da Iberiar penintsulan, eta lehena arazo barik ordezkatu dezake. Are gehiago, Primula veris barietateko landare gutxi daude eta horregatik babestu dute leku batzuetan; beraz, hobe da landarea ez batzea. Batez ere sustraia ez batzea, jakina denez, horrek landarea hiltzea ekartzen du eta.

Propietate dietetikoak

Hosto gazteak gordin edo egosita jan daitezke; gozo-gozo daude entsaladetan. Arazgarriak dira eta bitamina eta mineral asko dituzte.

Propietate sendagarriak

San Jose belarraren loreak diuretikoak eta lasaigarriak dira; beraz, lore-infusioa edan daiteke urduritasuna aritzeko. Insomniorako eta buruko minarako ere edan daiteke.

Lore-infusioa: 20-25 g lore behar dira ur litro bakoitzeko; 1-2 minutuan irakin behar da; eta 10 minutuan jalkitzen utzi. Egunean bizpahiru katilukada infusio edan daitezke.

Sustraia espektoratzailea eta antiinflamatorioa denez, egokia da hotzeria, bronkitisa, gripea… arintzeko.

Sustrai-infusioa: 20 g sustrai behar da ur litro bakoitzeko; 5-10 minutuan egosi behar da; eta 10 minutuan jalkitzen utzi.

Eztiarekin nahastu, eta egunean bizpahiru katilukada infusio edan daitezke.

Hurrengo gaixotasun hauek guztiak arintzeko ere bada baliagarria: hilekoaren mina, erreuma-minak, artritisak sortutako minak, hematomak, zaintiratuak, erredurak eta kolpeak. Aipatutako kasuetan, sustrai-enplastua ipini daiteke, edo olioa erabilita egunean bizpahiru aldiz masajeak egin.

Enplastua: ur litro batean 40 g sustrai eta lore egosiko dugu 10 minutuan; ondoren, 10 minutuan jalkitzen utziko dugu estalkia ipinita. Minduta dugun aldean ipiniko dugu enplastu beroa.

Olioa: pote batean udaberri-lorearen hostoak ipiniko ditugu, eta oliba-olioz estali. Leku eguzkitsu batean beratzen utziko dugu hilabete batean, baina ez eguzkitan; egunero eragingo dugu. Hilabetea pasatuta, iragazi, eta ontziratuko dugu. Olio honen propietateak eta arnika-olioarenak oso antzekoak dira. Hurrengo hauek guztiak arintzeko erabili dezakegu: larruazalaren erupzioak eta narritadurak, ubeldurak, hanturak, kolpeak, bihurrituak, erredurak eta hainbat min, esaterako, erreuma.

Ortuan

Sekulako elikagaia da erleentzat, oso goiz loratzen delako; batzuetan neguaren amaieran ere loratzen da.

Ez erratu

Ez nahastu espezieak: bertokoak eta jangarriak dira Primula vulgaris (Primula acaulis ere esaten zaio), Primula veris (officinalis, lehen) eta Primula elatio. Beste alde batetik, kontuan hartu behar da landare apaingarri moduan landatzen direnek, hainbat koloretakoek, askotan dermatitisa sortzen dutela.

 

Landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagu-tzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai daitezen; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli ahal zara, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan. Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako lan­detan eta ibaiertz kutsatuetan. Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean bertan; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea. Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).