Sukaldean
Erromatarren aurretik ere preziatua zen barazki moduan, baita erremedio moduan ere, eragin leungarriak eta libragarriak dituelako. Malbaren hosto gazteak gordin jan daitezke entsaladetan, edo egosita zopetan (zopa loditzen dute).
Malba frijituak: 3-4 berakatz-atal, tipula bat eta 50 g malba-hosto. Hostoak ur irakinetan egosiko ditugu minutu pare batean. Uretatik atera, eta xukatuko ditugu. Tipula eta berakatza orritan ebaki, eta frijituko ditugu. Hostoak ere ebakiko ditugu eta tipularekin eta berakatzarekin batera frijituko ditugu. Nahi izanez gero, arrozak lagunduta jan dezakegu.
Propietate sendagarriak
Malba oso aberatsa da muzilagotan. Muzilagoa substantzia biskosa eta goma-antzekoa da, hanturak arindu eta ehunak erlaxatzen dituena. Propietate horiek direla eta, baliagarria da eztula arintzeko eta espektorazioa errazteko, bronkitisa, eztarriko-arazoak, eztula edo asma izanez gero. Malba beste landare batzuekin nahastu dezakegu, hala nola apo-belarrarekin, eztul-belarrarekin, huntzarekin eta plantainarekin. Era berean, digestio- eta gernu-bideen hantura arintzeko ere bada baliagarria. Hesteetako mukia lubrifikatu eta babesten du ondo funtzionatzen duela bermatzeko. Gainera, laxante arina da. Beste alde batetik, erreduretarako, hematometarako, hanturetarako, dermatitiserako eta hainbat erabilera topikoetarako ere erabili daiteke, malbak handitutako ehuna erlaxatzen du eta.
Infusioa: katilu bakoitzeko koilarakada bat lore edo hosto siku erabili behar da, eta 15 minutuan jalkitzen utzi. Egunero 3-5 katilukada edan daitezke. Infusio hotza ere egin daiteke, eta muzilago-kantitate handiagoa izateko, hostoak 6-12 orduan ur epeletan beratu.
Erabilera kosmetikoak
Leuntasunari lotutako landarea da. Larruazal sentikorrek eta narriatuek eskertuko dute malbaren olioa. Larruazal sikuek eta helduek ere erabili dezakete. Pertsona guztiei ondo dagokien lorea da, ume txikiei zein nagusiei. Propietate emolienteak dituenez, oso landare preziatua da tratatzeko larruazal atopikoak, ekzemak eta larruazal sikuak, kaltetuak eta zahartuak.
Malba-olioa: loreak paper batean jalkitzen izango dugu gau batean, hezetasuna galdu dezaten; mazeratua hurrengo egunean egingo dugu. Kristalezko ontzi esterilizatu batean ahalik eta lore-kantitate gehien ipiniko dugu, baina kontuan hartuta olioa bota behar dugula eta hark loreen gainetik bi hatzamar atera behar duela. Oliba-olioa, almendra-olioa… izan daiteke. Ontzia lau astean izango dugu argitan, eta noizean behin eragingo dugu. Ondoren, oihalezko txano batekin iragazi, eta malbaren propietate emolienteak lortuko ditugu. Nahi izanez gero, olio hori eta lore gehiago erabilita prozesua berriro egin dezakegu, olio sendoagoa lortzeko.
Ortuan
Malba laguntzaile ezin hobea da ortuan, aterpea eta elikagaia delako erleentzat, tximeletentzat eta sirfidoentzat. Halaber, tranpa izan daiteke landare-zorrientzat.