Gertakariaren nondik norakoak ulertu nahian, 1990eko hamarkadaren hasieran, Giacomo Rizzolattik eta Parmako Unibertsitatean (Italia) aritzen zen bere lantaldeak makako batzuen portaera ikertu zuten, euren kasako jarduerak egiten zituztenean eta beste makako batzuk zerbait egiten begira geratzen zitzaizkienean. Ezustean, ikertzaileek kasu bi-bietan aktibatzen ziren neurona batzuk identifikatu zituzten, bai tximinoek jarduera jakin bat egiten zutenean, bai beste batzuk jarduera hori egiten ikusten zituztenean (Rizzolatti, G., & Craighero, L., 2004)1. Aurkikuntza horrek neurozien- tzia irauli zuen, azken batean, enpatiaren, imitazioaren eta besteen asmoen inguruko adimenaren oinarri neuronala erakutsi baitzuen.
Gerora erresonantzia magnetiko fun- tzionalak eta entzefalogramak erabiliz egin diren azterketek egiaztatu dute gizakiok antzeko jarduera-ereduak darabil- tzagula, eta frogatu dute neurona horiek ez dutela modu lokabean jarduten, ezpada, sare konplexuetan txertatuta, besteak beste, kortex premotorean, beheko garun-azal parietalean eta intsulan (Mukamel, R., et al., 2010)2.
Enpatia definitzerakoan, aipatu behar da bulkada hori bi osagai nagusitan banatzen dela: emoziozkoa, hau da, urliak sentitzen duena hautemateko gaitasuna; eta ezagutzazkoa, beste pertsona baten buruko egoera ulertzeko gaitasuna. Gainera, nerbio-sistema sinpatikoaren jarduera —gorputza ekintzarako prestatzen duen nerbio-sistema autonomoaren zati bat— neurriz lotu da bi enpatia-motekin, eta horrek argiro ezkontzen ditu nerbio-sistemen arteko konexioa. Labur-zurrean esanda, beste batzuen aurpegierak, keinuak edo mugimenduak behatzeak aktibatu egiten ditu gure burmuinean guk geuk halakoak eginez gero erabiliko genituzkeen antzeko zirkuituak.
Aurrekoaren ildoan, musika ere bizipen zoragarria da eta enpatiaz beteriko jardueratzat har daiteke, musikari bati begiratu edo haren musika entzuten dugunean, gure burmuinak ekintzari lotutako mugimendu- eta emozio-sareak jartzen ditu abian, ekintzaren egileak gu geu izango bagina bezala. Piano-jotzaile batzuek parte hartutako ikerlan batean ondorioztatu zen piano-jotzaileek buruz zekizkiten doinuak entzuten zituztenean, entzuleen kortex motorea aktibatu egiten zela, entzuten egon beharrean, jotzen egongo balira bezala (Lahav, A., & Schlaug, G., 2007)3. Emaitza horietan funtsaturik, ikerketa-lan ugarik frogatu dute musikarien nerbio-sistema sinpatikoaren jarduera askoz biziagoa dela musika-joaldiak entzuten dituztenean, musika era pasiboan entzunda gertatzen ez den bezala.
Oro har hartuta, ebidentzia horiek guztiek argi eta garbi frogatzen digute besteren sentimenduak ez direla hautemate hutsak; aitzitik, gure burmuinak sentimendu horien irudia biribiltzen eta buruan erabiltzen du, geuk ere sentipen berdintsua izan dezaegun. Ulertzeak, partekatzeak edo enpatiaz jokatzeak ekintza soil edo bakunak dirudite, baina arestian aipatu dugun organo horren konplexutasunari esker burutu ditzakegu eta, egiatan, ezer gutxi dakigu oraindik ere haren ahalmenaz.
1 Rizzolatti, G., & Craighero, L. (2004). “The mirror-neuron system.” Annual Review of Neuroscience, 27, 169–192.
2 Mukamel, R., et al. (2010). “Single-neuron responses in humans during execution and observation of actions.” Current Biology, 20(8), 750–756.
3 Lahav, A., & Schlaug, G. (2007). “Musician in the mirror: Brain forms link between sounds and actions.” ScienceDaily.