Hizkera sexistak zehazten du munduaren neurria gizonak direla. Horra hor, pribilegioen oinarria. Andreak, orduan, gizonez bestekoak gara. Euskaran izenondoek genero markarik ez daramatenez, hizkun- tza ez-sexista dela entzun izan dugu. Baina euskarak ere generoa dauka. Hainbat izen sexuaren arabera bereizten dira: ama, aita, izeko, osaba… Euskaltzaindiaren Hiztegiak gipuzkerazko “anai-arreba” esamolde matxista hobetsi zuen eta bizkaierazko “neba-arreba” berdinzalea alboratu. Aikor.eus atarian, adibidez, “anai-arrebak” 42 albistetan agertzen da eta “neba-arrebak”, 25etan.
Hizkera sexistak zehazten du munduaren neurria gizonak direla. Horra hor, pribilegioen oinarria.
Generoaz harago, pilotari, futbolari, ekonomialari, abokatu, harakin, okin… entzuten ditugunean, gizonak irudikatzen ditugu. Euskarak, hor, ez digu gizonekin pentsatzera behartzen. Horri androzentrismoa esaten zaio. Gure irudikapena mugatuta dago, esparru horiek gizonek okupatu dutenez, ez dugulako genero bako moduan ikusten.
Orduan, androzentrismoa ez bultzatzeko, “emakume” berba gehitzea baino ez dago. Horregatik borrokatu zen Ana Morales: bere ama galletagilearen oroimen soziala ikus zedin. Bilboko Udalak “Galletagileen kalea” zabaldu zuen, baina “Emakume galletagileen kalea” ipini arte ez ditugu emakume langileak irudikatu.
Beraz, andrak ikustarazteko, gizonek jarraitzen dute kategoria unibertsala izaten: “galletagileak” eta “emakume galletagileak”, “nekazariak” eta “emakume nekazariak” etab. Konponbidea, sarritan, gizonak ere aipatzea izaten da, munduaren erdia bakarrik direla zehazteko. Esaterako, “gizonezko futbolariak”, “gizonezko pilotariak”, “gizonezko idazleak” etab.
Matxismoa gainditu gura duen gizarte batek hizkera ez-sexista behar du. Matxismoa gainditu gura dugun euskaldunok androzentrismoa borrokatu behar dugu. Gizarte berdinzalea gura duten gizonek haien neurri publikoa errealitatera moldatu behar dute: erdira izatera mugatu, hain zuzen.