Berbagazte programaren baitan, surf- eta skate-ikastaroak antolatu dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako ikasleentzat. Surf-ikastaroa urriaren 5ean eta 11n izango da, eta skate-ikastaroa urriaren 25ean eta azaroaren 8an. Ikastaroak euskaraz egingo dira eta doakoak izango dira; hala ere, 10 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta ikastarora joanez gero, itzuliko da. Ikastaroetan parte hartu ahal izateko, Txorierrikoa izan behar da. Izena ematea: 747 447 579 eta berbalagun.txorierri@gmail.com.
“Artearen ibilbidea” egitasmoaren baitan, urriaren 28tik azaroaren 3ra arte “Haurtzaroa artean” erakusketa izango da Lezamako Hilario Astorki plazan. Bertan hainbat artelan ipiniko dira ikusgai, eta QR kode bat deskargatuta, bakoitzari dagozkion azalpen-audioak doan deskargatu ahalko dira sakeleko telefonora. BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean sustatutako ekimenaren helburua da bizkaitarrengana artea eta kultura hurbiltzea, leku publikoetara kalitate handiko artelanen erreprodukzioak eramanez.