TEKNOLOGIA

Zientzia, teknologia eta politika: Uranioaren aberastea

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2025ko ira. 4a, 12:32

a: Freepik / vwalakte

Ekainean, Israelek eta Estatu Batuek Iran bonbardatu zuten arma nuklearren garapena ekiditeko aitzakiarekin. Ez da lehenengo aldia herrialde bi hauek zein Nazioarteko Energia Atomikoaren Agentziak (IAEA) hori salatzen dutela baina, zer da Iranen uranioaren aberastearen atzean dagoena?

Zientziaren eta politikaren arteko mugak ez dira beti garbiak. Teknologia nuklearra horren adibide garbia da: energia sortzeko gaitasuna duen teknika bera arma suntsitzaile bihur daiteke.

Uranioa berez lurrean dagoen elementu bat da, baina bere erabilera nuklearra isotopoen arteko proportzioan dago. Isotopoak, elementu jakin baten mota desberdinak dira. Denek protoi kopuru berdina baina neutroi kopuru desberdina dute, beraz pisu desberdina ere. Naturan aurkitzen den uranioaren zati txiki bat —%0,7 inguru— da U-235 (92 protoi, 143 neutroi), energia nuklearra sortzeko eta arma nuklearrak egiteko erabil daitekeen isotopoa.

Aberaste prozesuak isotopo horren portzentaje handitzea du helburu. Horretarako, zentrifugadoreak erabiltzen dira: makina hauek uranioaren isotopo arinagoak (U-235) eta astunagoak (U-238) bereizten dituzte biraketa azkar baten bidez. Zenbat eta zentrifugadore gehiago eta eraginkorrago izan, orduan eta azkarrago lor daiteke aberaste maila altua. Iranek milaka zentrifugadore ditu martxan, eta horietako batzuk, azken generazioko IR-6 modeloak oso aurreratuak dira, uranioaren aberaste prozesua bizkortzen dutenak.

Badirudi, Iranek azken urteetan %60 arteko aberaste mailara iritsi da. Arma nuklear bat egiteko berriz, uranioaren aberaste maila %90 ingurukoa izan behar da. Adituek diote Iranek ez duela oraindik arma nuklear bat garatu, baina teknologia eta materialak eskuragarri baditu. Horrek IAEAn kezka sortzen du, batez ere Irani ezarritako kontrol mekanismoak eta ikuskaritza neurriak zalantzan daudenean.

Zientziaren ikuspegitik, uranioaren aberastea prozesu konplexua da, eta ikusten dugun bezala teknologia nuklearra ez dela soilik energia sortzeko tresna, bere erabilera militarrak mundu mailako oreka geopolitikoa baldintzatzen duelarik. Hainbat estatuk armategi nuklear handia dute, Estatu Batuak eta Israel barne, eta horietako batzuen arteko gerra arriskua ez da txikia (India eta Pakistanen arteko liskarrak).

Eta hori gutxi ez balitz, botoi gorri horietako batzuk, ganorabakoen eskutan daude jada.

 

Nazioartean aitortutako estatu nuklearrak, Arma Nuklearrak Ez
Ugaritzeko Ituna (TNP) sinatzaileak

Estatu Batuak 3.700 arma nuklear inguru

Errusia 4.309 arma nuklear inguru

Txina 600 arma nuklear (hazkunde nabarmena azken urteetan)

Frantzia 290 arma nuklear

Erresuma Batua 225 arma nuklear

TNP sinatu ez duten baina arma nuklearrak dituzten herrialdeak

India 180 arma nuklear

Pakistan 170 arma nuklear

Israel 90 arma nuklear (ez du ofizialki aitortu, baina uste da badituela)

TNPtik irten eta proba nuklearrak egin dituen herrialdea

Ipar Korea 50 arma nuklear inguru, 2006tik hainbat proba egin ditu