Solidarioak diranak badagoz, musika dabenak, tokiko ohiturak isladatzen dabezanak, etxeko postontzian jasoten doguzanak eta korreo elektronikora ailegatzen jakuzanak. Guztiek dabe helburu bera: Zorionak eta Urte Berri On opatzea senide eta lagunei.
1843. urtean Henry Cole ingelesak enkargu bat egin eutsan Jon Horsley marrazkilariari: lagunei asmo onak eta zorionak opatzeko erabiltzen zituan postaletan esaldi bat gehitzea. Eta Horsley-k hau idatzi eban: “Merry Christmas and Happy New Yearâ€. Hori Gabonetako postalen sorrera komertziala izan zala esan daiteke. Hurrengo urtean Victoria erreginaren gortea Gabonetako postalak erabilten hasi zan Gabonak zoriontzeko. Eta ohiturea munduko beste txoko batzuetara zabaldu zan.
Inprimatze-teknikak izugarrizko aldaketea izan dau urteetan zehar, eta horregaz batera postaletan agertzen diran irudiak be aldatuten joan dira: loreak, iratxoak, umorezko binetak, belikoak, erlijiosoak…
Gabonetako postalek interes haundia piztu dabe hasiera-hasieratik. Maria erreginak, esate baterako, horreetako asko bildu zituan. Bilduma Museo Britainiarrean ikusgai dago gaur egun. Beste alde batetik, 1840. urtetik 1890. urtera arteko garaia inprimatzearen urrezko arotzat joten da, eta garai horretako aleak oso preziatuak dira enkanteetan dabilzanen artean. Halan, 2005. urteko abenduan bildumazale batek 9.000 libratan (12. 5045 €) erosi eban Horsley-k egindako lehenengo Gabonetako postaletariko bat.