Derioko hainbat lagun eta elkarte batu dira, eta ibilaldi neurtua eta solidarioa antolatu dute martxoaren 15erako. Azaldu dutenez, joan den udan alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) diagnostikatu zioten herriko pertsona bati, eta ekintzaren helburua da dirua biltzea gaixotasun hori duten pertsonei laguntzeko ekarpena egiteko. Hortaz, batzen den diru guztia ADELA-Bizkaia elkarteari emango diote.
Gernikako Euskal Herria Museoak ekoitzitako erakusketa da, eta bere helburua da pilotan profesional moduan jokatu zuten lehen emakumeak omentzea. Era berean, erakusketaren bidez, zesta-punta eta erraketa modalitateetan jokatu zuten emakumeak ezagutzera eman nahi dituzte antolatzaileek. Erakusketa martxoaren 28ra arte izango da Sondikako liburutegiko erakusketa-aretoan.
Zutunik! Larrabetzuko talde feministak Eskola Feminista antolatu du bigarren aldiz. Gizarte-sareetan azaldu dutenez, gaurkotasun handiko gaiak prestatu dituzte eta ekintzetan lehen mailako hizlariek hartuko dute parte. Ekintzak gaurtik, urtarrilak 28, apirilaren 29ra bitartean izango dira.