Deriok urrats bat aurrera egingo du ELA duten pertsonei laguntzeko

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 7a, 10:58

Derioko hainbat lagun eta elkarte batu dira, eta ibilaldi neurtua eta solidarioa antolatu dute martxoaren 15erako. Azaldu dutenez, joan den udan alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) diagnostikatu zioten herriko pertsona bati, eta ekintzaren helburua da dirua biltzea gaixotasun hori duten pertsonei laguntzeko ekarpena egiteko. Hortaz, batzen den diru guztia ADELA-Bizkaia elkarteari emango diote.

Ibilaldi neurtua Derioko Parke Teknologikotik irtengo da; zehatz-mehatz, La Ofi jatetxearen ondoko parkinetik. Bi ibilaldi egongo dira: alde batetik, umeentzako ibilaldia, 3,5 km izango dituena eta 10:00etan hasiko dena; eta bestetik, nagusien ibilaldia, 6,5 km izango dituena eta 10:30ean hasiko dena. Ibilaldiez gainera, egitarau zabala antolatu da egun osorako. Horrela, 12:00etan txalaparta-saioa egongo da, eta taloak salduko dituzte 2 euroan. Ekidazu Lezamako abesbatzak kontzertua egingo du 12:15ean, eta 13:00etan zuhaitzak landatuko dituzte. Ondoren, musika egongo da Dj Eduren eskutik.

Bestalde, herri-bazkaria egongo da –paella–, eta txartelak zazpi euroan erosi daitezke hurrengo leku hauetan: La Ofi jatetxea, Adarve kafetegia, Bestorrene taberna, Bizkargi kafetegia eta Ane ileapaindegian. Leku horietan ere erosi daitezke zapi solidarioak. Herri-bazkariaren ostean, 16:30ean, Rock Zirkus taldeak kontzertua egingo du, eta 18:00etan Broken Izotz musika-taldearen txanda izango da. Era berean, orduero tren txu-txua aterako da eskolako parkinetik, herritarrak jai-gunera hurbiltzeko. 

ADELA-Bizkaia elkartearen helburu nagusia da ELA duten pertsona guztien eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzea. Era berean, gizartea gaixotasun honekiko sentikor bihurtu nahi du, ELA dutenen errealitatea ezagutu dadin.