II. Eskola Feminista antolatu dute Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 28a, 11:57

Zutunik! Larrabetzuko talde feministak Eskola Feminista antolatu du bigarren aldiz. Gizarte-sareetan azaldu dutenez, gaurkotasun handiko gaiak prestatu dituzte eta ekintzetan lehen mailako hizlariek hartuko dute parte. Ekintzak gaurtik, urtarrilak 28, apirilaren 29ra bitartean izango dira.

Gaur, 18:00etatik 20:00etara, “Erasotzaileekin zer? Justizia feminista herritik eraikitzen” hitzaldia izango da Anguleri kultur Etxean, Emagin elkartearen eskutik. Otsailaren 25ean, bestalde, Josebe Iturrioz transfeminismoaz eta feminismo baztertzaileaz arituko da, 18:30etik aurrera, Ludoteka gaineko aretoan. Era berean, martxoaren 21ean, “Lodifobia eta gorputz disidenteak” hitzaldia egingo du Mijo Lizarzaburuk. Saioa 18:30ean izango da.

Beste alde batetik, apirilean Inurri Elkarteak minbizia dutenei nola lagundu aztertuko du ikuspuntu feminista batetik, eta eskolako saioei amaiera emateko, apirilaren 29an, 19:00etan, umore-ikuskizuna egongo da Ane Lindanerekin.

Umeak zaintzeko zerbitzua egongo da, eta hura eskatzeko zein ikastaroetan izena emateko, zutuniktaldefeminista@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Anguleri kultur etxera ere jo daiteke.