David Calvo, Rubik kuboko maisua: “Kuboa 12 segundutan osa daiteke”

Aikor aldizkaria 2007ko api. 20a, 10:18
Testua: Eder Merino
Etxean 17 segundo behar izaten du Rubik kuboa osatzeko. Bera, David Calvo Vivas da, (Bilbo, 1986) Rubik kuboan aditua. Erno Rubik hungariarrak asmatutako kuboaren 300 ale dauzka. Orain telekomunikabide ingenieritza ikasten dabil Bilbon, eta Sarriko auzoan bizi da. Aste gutxi barru Derion izango dugu kuboaren gaineko ikastaroa ematen. Aspaldiko jolasaren berri izan gurean solasaldi txiki bat izan dugu berarekin. Noiz eta nola hasi zinen Rubik kuboarekin? Txiki-txikitatik puzzleak eta denborapasak asko gustatu zaizkit; nolabait, haienganako interes berezia nuen. 4 urte nituenean nire osaba ikusi nuen Rubik kuboarekin eta uzteko eskatu nion. Berehala piztu zitzaidan joko horrenganako grina baina denborak aurrera egin ahala kajoian utzi nuen ahaztuta. Hala ere, 2005eko urtarrilean kajoitik berreskuratu nuen eta berriro ere kuboarekin “lanean” hasi nintzen. Orain arte. Zenbat balio zuen kuboak lehen? Eta orain? Espainiara 1981. urtean ailegatu zen kuboa eta nahiko garestia zen, 600 eta 900 pta. artean balio zuen originalak. Orain, originalek 15 eta 16 euro bitartean balio dute baina imitazioak euro baten truke eros daitezke. Rubik kuboa jolas soil bat da ala bestelako funtzioak ditu? Erreportaje anitz egin dira horren inguruan. Ikerketen arabera, Rubik kuboak eta orokorrean Puzzle sekuentzialek ikusmena, arintasun mentala, trebezia eta logika hobetzen laguntzen dute, pentsatzeko jokoak baitira. Kuboak zelako garrantzia izan du zure bizitzan? Niretzako hobby bat da, afizio bat, baina kuboari esker jende asko ezagutu dut, Espainiako txapelketetan izan naiz eta zonalde guztietako jendea ezagutu dut. Horrez gain, ingelesa praktikatzen ere lagundu dit, atzerrian ospatutako txapelketetan beharrezkoa delako jendearekin ulertzeko. Pentsatzen duzu Rubik kuboaren moda berriro itzuli ahal dela? Bai, apurka-apurka itzultzen ari da, baina zaila da 80ko hamarkadan izandako arrakasta lortzea, garai hartan boom bat izan baitzen. Zure kubo propioak sortzearen ideia izan duzu? Jakina, ideia hori askotan izan dut, askotan egiten dudana kuboak erosi eta bariazio ezberdinak sortzea da, kuboaren zenbait zati aldatuz. Erno Rubikekin baduzu harremanik? Ez dut berarekin harreman zuzenik, baina merkatuko enpresekin bai. Erno Rubik oso pertsona isila da eta itzalean egotea gustatzen zaio. Beraz kontaktu zuzena edukitzea nahiko zaila da. Zenbat segundotan osatzen duzu kuboa? Etxean nagoenean 17 segundoren bueltan egiten dut, baina Espainiako txapelketan 16 segundotan. Ameriketan eta Asian denbora gehiago daramate kuboarekin lanean eta 12 segundotan osatzea lor dezakete.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).