Testua: Txorierriko 2 gazte
Alkate jaun agurgarria:
Kezkatuta gaude bailarako ingurune naturalean ematen ari den narriaduragatik, Derioko hirigintzaren garapena dela-eta. Gure begirada Artebakarra eta Mantuliz ingurura zuzentzen dugu batez ere, udalerriaren iparraldera. Makineria pisutsua urtebete baino gehiago dabil landaretzaren arrasto guztia ezabatzen ingurutik. Artxandatik Lainomendira edo Berreaga mendian zabaltzen den lur marroi eta beltza ikusteak lurralde hori maitatzen dugunok mindu egiten gaitu.
Ulertzen dugu herri baten hazkundeak alderdi positibo zein negatiboak dakartzala. Izan ere, ongi egindako lagin ugari daude. Uribe parkearen sorreraz dihardugu, Larrabarri baserriaren berritzeaz eta entsegu musikalerako lokalaz, kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuez eta abar.
Ez dugu dudarik lehen aipatutako lursailetan egingo diren etxebizitzak beteko direla eta bertan eraikuntzak egitea aspaldi baloratu eta onartutako erabakia izan dela. Baina ozen esan nahi dugu kalte izugarria egiten ari zaiela bertako ekologia eta paisaiari; gauzatze hau onartezina izango zen Europako beste herrialde batzuetan.
Non dago Agenda 21n Deriok ume bakoitzarekin hartu zuen konpromisoa? Zenbat mila litro gasolina erretzen dute kamioi horiek lurrean egiten duten mugimendu izugarri bakoitzarekin? Udalak gogo onez bultzatzen dituen ingurugirorako neurriak oso txiki geratzen dira hondamendi energetiko, material eta ekologiko honen aurrean.
Herritar guztiengan eta batez ere herrian haziko diren umeengan pentsatuz, eskatu nahi dugu ahalegin bat egin dadila egindako kaltea konpontzeko. Zuhaitzak ugari eta anitz landatzea proposatzen dugu, lur guztia ez lauzatzen saiatzea, belarra haz dadila utziz eta gune basatien alde egitea, non txoriak, urtxintxak eta karraskariak koka daitezkeen.
Pausu txiki-handi horiei esker, inguru ederra lor genezake, zeinetan umeak zelaietan jolas daitezkeen, eta gure agureak, basoetatik paseatu. Gure lurraldea emankorra da eta ez gaude ur gabezian, ezin dugu hemen biziko ez den proiektugile batek proposatutako gune berde eskas batzuekin konformatu.
Gure esku dago lurralde alteratu horietan fauna eta floraren birsorkuntza, baina ekimenak agintzen dutenen eskutik iritsi behar du.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).