Lander Aiarza Derioko alkateak eta Teresa Infante UNICEFen Euskal Herriko presidenteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren ondorioz, Udalak 6.000 euroko dirulaguntza eman dio elkarteari.
Dirulaguntza bi zatitan banatuko da. Horrela, 3.000 euro bideratuko dira erakunde horren egitasmoetara, eta beste 3.000 euroak Udalak laster kaleratuko duen lo-kantek osatutako CD baten salmentetatik lortzea espero da. Hala ere, Udalak diru kopuru hori aurreratu dio UNICEFi dagoeneko.
Diskoa ekoizteak 12.000 euro balio izan du, eta bertan Iparraldeko Koralak eta Derioko Herri Ikastetxeko 36 umek parte hartu dute. Maiatzean-edo herriko dendetan egongo da salgai, 3 euroren truke.
UNICEF elkarteak haurren eskubideak defendatzen ditu 160 herrialdetan, eta Euskal Herrian 1970etik aurrera jarduten du. Beste alde batetik, munduko ume gutxi egoera onean bizi direla eta gainontzekoei lagundu beharra dagoela gogoratu du Aiarzak.