Derioko azken hiru urteak liburu batean batu ditu Beitu aldizkariak

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 15a, 12:20
Beitu Derioko udal aldizkariak hiru urte bete ditu, eta urteurrenarekin batera liburu bat kaleratu dute. Liburu horretan aldizkariaren lehenengo 20 zenbakiak batu dituzte. Liburua argitaratzea aldizkarikoek aspaldidanik buruan izan duten ideia da. “Gure aldizkaria etxez etxe banatzen da, eta hasiera-hasieratik argi eduki dugu horren formatua irakurtzen erreza ez ezik buzoiratzen erreza ere izan behar zela. Hala ere, etxean gordetzeko formaturik egokiena ez zela bagenekien, eta, horregatik, duela urtebetea hasi ginen liburua prestatzen. Biltze lana baino, informazioa berriro idatzi egin behar izan dugu, baita akatsak zuzendu ere”, esan digute. Liburua sei atalek osatzen dute –Hirigintza, Elkarteak, Deriotarrak, Berriak, Derio ezagutu eta Bitxiak, hain zuzen ere-, eta azken hiru urtean herrian sortu diren albisteez gainera, aldizkarian protagonistak izan diren pertsonaiak eta elkarteak ere agertzen dira bertan. “Oso pozik gaude emaitzarekin. Liburuan ia deriotar guztiak daude”. Derioko historiak ere lekua du argitalpenean. Aleak etxez etxe banatuko dituzte Beste alde batetik, liburua euskaraz eta gaztelaniaz egin da eta hori 570 argazkik ilustratzen dute. Argazki horietatik 430 ezberdinak dira, eta batzuk airetik atera dituzte. Guztira, 2.750 ale argitaratu dira eta etxez etxe banatuko dituzte. Alerik eskuratu ezean, derioztarrek aldizkariko bulegora jo dezakete. “Liburua oso harrera ona izan du orokorrean. Orain elkarteen eta taldeen erantzunaren zain gaude, herriko motorea baitira. Horiek jakin behar dute Beitu aldizkariaren hurrengo 20 zenbakiak beste liburu batean biltzeko asmoa dugula, eta euren lana bertan islatuko dela”. Beitu aldizkaria DerioKominikazioa taldeak argitaratzen du. Aldizkariaz gainera, beste lan mota batzuk –kartelak, esate beratako-, egiten dituzte eta hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatzen dute –Derioko Agenda 21 eta tailerrak, euren artean-. Hurrengo ikasturteari begira, deriotarrek gutunen edota salaketa-argazkien bitartez aldizkarian parte hartzea dute erronkatzat. Era berean, irakurleen artean lehiaketa bat zabalduko dute laster.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).