Conquest ingelesak ‘San Isidro’ Nazioarteko Xake Opena irabazi du

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 15a, 13:03

Maiatzaren 26an, domekaz, ‘San Isidro’ IX. Nazioarteko Xake Opena izan zen Derion, bertako Xake Taldeak antolatuta. Opena Stuart Conquest nazioarteko maisu handiak (Ingalaterra, 2550 ELO FIDE) irabazi zuen eta bigarren postua Azerbaiyáneko Azer Mirzoevek (2520 ELO FIDE) eskuratu zuen. Hori ere nazioarteko maisu handia da. Beste alde batetik, Alejandro Ruiz xake-maisuak hirugarren postua lortu zuen. Sailkapenaren azken postuan gelditu zen Derioko Xake Taldeko jokalariri egurrezko koilara bat eman zioten. Gero eta maila handiko xake-jokalari gehiagok parte hartzen dute Derioko Openean. Horrela, aurten 50 lagun aritu dira bertan eta horien artean hainbat herritako nazioarteko maisu handiak (Azerbaiyán, Ingalaterra, Txile…), nazioarteko euskal maisuak eta xakean etorkizun oparoa izan dezaketen Euskal Herriko zein Estatuko jokalariak izan dira. Emakumezkoen presentzia ere nabaria izan da. Hala ere, Derioko Xake Taldetik azaldu diguten bezala, Derioko eta Txorierriko lagun gutxik parte hartu ohi dute Openean, nahiz eta bertoko asko xakean aritu. Xake-denboraldiari amaiera emateko, klubak hurrengo ekitaldiak antolatu ditu ekainaren 23an: Geldora igoera bizikletaz, San Bartolome ermitan santuari Bigarren Mailara lortutako igoera eskaintzeko (12:30ean), ‘CemenDerio’ Xake Lehiaketa Soziala (arratsaldean), afaria eta horren ostean, ‘CemenDerio’ Xake Gau-lehiaketa. Derioko Xake Taldeak hainbat erronka ditu esku artean. Bigarren Mailara igo ondoren datorren denboraldiari aurre egin beharko diote eta ‘San Isidro’ X. Nazioarteko Opena prestatu ere egin beharko dute. Era berean, xakea ezagutzera ematen jarraituko dute eta Basauriko kartzelako Mesedeetako jaietan une bereko partidak antolatzeaz gainera, Gordexolako Proyecto Hombre ekimenarekin jarriko dira harremanetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).