Joan den asteburuan Derioko Merkataritza eta Ostalaritza I. Astea izan da, bertako Danerik Paraje! Zerbitzu eta Merkataritzako Elkarte Profesionalak eta Ostalarien Elkarteak antolatuta. Asteari barikuan eman zioten hasiera eta egun horretan berbena egon zen, Zorgiñe taldearen eskutik. Zapatu arratsaldean pintxo lehiaketa eta txakolin eta pintxo dastatzea antolatu zituzten eta iluntzeko 8etan III. Moda eta Osagarri-Gala egin zuten. Gala TeleBilbaoko Joseba Solozabalek eta Alaitz Zabalak aurkeztu zuten eta bertan Derioko 14 komertziok parte hartu zuten. Zalantza barik, azken hori Merkataritza eta Ostalaritza Asteko ekintzarik arrakastatsuenetarikoa izan zen, frontoian 600 lagun inguru bildu baitziren.
Domekan Zuhaitz Eguna ospatu zuten. Uribe parkean herriko 60 bat umek zuhaitzak landatu zituzten eta Danerik Paraje! elkarteak leku hori atondu, eta banku batzuk jarriko ditu bertan. Izan ere, lekua herriari oparitzeko asmoa dute, derioztarren bilgune izan dadin.
Derioko Merkataritza eta Ostalaritza Astearen antolatzaileak oso pozik daude lortutako emaitzarekin, oso partehartze handia egon baita ekitaldi guztietan. Horrezaz gainera, zorionak jaso dituzte herritarrengandik eta agintariengandik.