Joan den ostiralean zerga-ordenantza berriak onartu zituen Derioko Udalak. EAJk ordenantzen aldeko botoa eman zuen eta horien kontra, PPk, PSE-EEk, ANVk eta EAk bozkatu zuten.
Udalbatzak %2,5eko Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) finkatu du 2008. urterako. Zifra hori zarama eta ondasun higiezinen gaineko zergei eta baimen urbanistikoen kontzesioei ezarriko zaie, besteak beste; hala ere, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta administrazio-dokumentuen luzapen-tasa, esate baterako, ez dira garestituko. Beste alde batetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergak, establezimenduak irekitzearen tasak eta lursail publikoa hartzearen tasak aldaketak izango dituzte.
Hobaririk nabarmenenak hauek izango dira: familia ugariei OHZen ezarriko zaizkienak, Jarduera Ekonomikoen Zergak kooperatibei ezarritakoak eta hiri-lurren gehikuntzaren gaineko zergakoak.
PP, ANV eta EA alderdiek ordenantzen kontrako botoa eman zuten, izan ere, gai honi buruzko informazio nahikorik ez zutela azaldu zuten, eta denbora gehiago eskatu zuten kontua hobeto aztertzeko. PSE-EEk ere kontrako botoa eman zuen. Bere ustez, Bizkaiko KPI hartu behar izan zuten erreferentziatzat, eta ez Euskal Autonomia Erkidegokoa.