2008ko aurrekontuak onartu ditu Deriok

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 9a, 14:01

Derioko Udalak 2008. urteko aurrekontuak onartu zituen abenduan. EAJ-PNVk, PSE-EEk eta PPk aurrekontuen aldeko botoa eman zuten eta ANV eta EA, berriz, abstenitu egin ziren. Orotara, 10.558.720 euro zuzenduko dira hainbat jarduketatara aurten. Hirigintza arloari dagokionez, inbertsio nagusiak Urkiola kalean egingo dira, horko ingurua berrigiturako baita. Etxebizitza Planarekin aurrera jarraituko dute eta datorren ekitaldian babestutako etxebizitza gehiago zozketatuko dira. Informazioa udal etxebizitza bulegoan eskura daiteke. Bulegoa udaletxe alboko lokal batean dago. Kultur arloko inbertsiorik handiena Kultur Etxean egingo dute. Kultur Etxearen eraikitze lanetan bost milioi euro jarriko ditu Udalak, eta aurtengo aurrekontuetatik 1.942.304 euro zuzenduko dira egitasmo horretara. Beharrak aurten amaitzea espero dute. Beste alde batetik, 350.000 euro erabiliko dituzte kirol azpiegiturak handitzeko, eta urbanizazio lanetara 840.000 euro bideratuko dira. Herriko argiztapena ere hobetuko da (115.000 euro) eta igogailu bat jarriko dute eskolan (50.000 euro). Derioko Udalak justizia sozialaren, aukera berdintasunaren eta genero berdintasunaren alde jarraituko du lanean. Horrela, %7 erabiliko du beharrizanak dituztenei laguntzeko, eta, horrezaz gainera, hainbat proiektuetan parte hartuko du Ekialdeko Europan, Afrikan eta Hegoamerikan.