Azken legealdian Derioko Udalak hainbat behar egin ditu San Migel auzoan. Gernikako Arbola kalea egokitu egin da Mungialde eta Unbe kaleetara, eta Almazene kalearen lehenengo faseari ekin diote. Azken horrek auzorako sarbide berria ekarriko du udalerriaren iparraldetik. Horrezaz gainera, Anboto plaza egin dute eta horren inguruan aparkalekuak jarri dituzte. Beharrak egiteko, 1.400.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak Eusko Jaurlaritzako Izartu programatik.
Udalak beharrekin jarraituko du aurten San Migel auzoan. Horrela, Almazene kalearen bigarren fasea amaituko dute eta Uribe kalea ere egokituko da auzoaren ekialdetik. Horrezaz gainera, erabilera askoko kirol-pistak eraikiko dituzte Unbe kalean, eta aldagelak ere jarriko dira bertan.
Beste alde batetik, San Migel auzoan Kultura Etxearen eraikitze lanak hasiko dira urtearen lehenengo seihilekoan, eta dagoeneko eraikina kokatuko den ondoko kaleak atondu dituzte. Kultura Etxeak oso zerbitzu garrantzitsua emango die derioztarrei eta herriko elkartekoei, baita txorierritar guztiei ere. Proiektu horiek amaitutzat emango dituzte auzoaren birmoldatze lanak.