CANCHA Derio argazki lehiaketa jarri dute abian

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 13a, 10:27

Nafarroako Aurrezki Kutxak (CAN) eta Derioko Argazki Taldeak (DAT) CANCHA Derio argazki lehiaketa antolatu dute apirilaren 18tik 29ra bitartean. Txapelketan nahi duen guztiak har dezake parte eta egileko hiru lan gehienez aurkeztu ahalko dira. Argazkiak originalak eta argitaragabekoak izan beharko dira eta neurri hauek eduki beharko dituzte: 18x24cm (gutxienez) eta 50x60cm (gehienez). Lanak kartoi mehe batean itsatsita aurkeztu beharko dira, baita CD batean grabatuta ere. Kartoi mehean lanaren izenburua jarri beharko da. Horrezaz gainera gutunazal itxita batean parte-hartzailearen datuak azalduko dira: izena, abizenak, adina eta telefonoa. Gutunazalean lanaren izenburua idatziko da. Lehiaketak ingurumena izango du gaitzat –horrek eskatzen dituen zaintzak, arazoak, landaretza, fauna, gizakiak…-, eta lanak apirilaren 18a baino lehenago aurkeztu beha dira helbide honetan: CAN, Herriko Plaza, 2. zenbakia, Derio; Telf: 944544765. Herritarrek beraiek aukeratuko dituzte irabazleak. Hautapena apirilaren 21etik 28ra egingo da CANeko Derioko egoitzan. Pertsona bakoitzak boto bat eman ahalko du. Irabazleen izenak apirilaren 29an, arratsaldeko 6etan, jakinaraziko dira CANeko bulegoan. Hiru sari emango dituzte: 100 euroko txekea lehenengo lanari; 50 euroko txekea bigarrenari; eta 30 euroko txekea hirugarrenari. Txekeak Derioko merkataritzako elkarteko dendetan gastatu ahalko dira. Aukeratutako hiru lanek CANeko Derioko bulegoa eta DAT elkartea ordezkatuko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak “Gure ingurumena, gure etorkizuna, gure eskubidea” lehiaketan.