Otsailean lehergailu bik eztanda egin zuten PSOEko Derioko egoitzaren aurrean. Ez zen zauriturik egon, baina bonbek suntsiketa handiak eragin zituzten inguruko eraikinetan. Guztira, 20 familia inguruk jarri du salaketa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan. Derioztar horiek etxeetan izandako kalteak –apurtutako leihoak, batez ere- Eusko Jaurlaritzak ordaintzea espero dute. Bitartean, Udalak diru-partida bat zuzenduko die aurrekontuetatik. Kalteren bat jaso duten auzokide gehienek horrela jakinarazi dute Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan; hala ere, oraindik egin ez dutenek urtebeteko epea dute eskaera betetzeko.
Otsailaren 29an, goizaldean, pertsona batek SOS Deiak zerbitzura deitu zuen ETAren izenean. Lagun horrek ohartarazitakoaren arabera, lehergailu bi jarri zituzten sozialisten egoitzaren aurrean. Bonbek ordubete beranduago egin zuten eztanda, eta Gernikako Arbola kaleko 10. eta 12. zenbakietan sortu zituzten kalteak. Bertako bizilagunak, 60 bat, kalera atera eta hiru ordu inguru eman behar izan zuten etxetik kanpo. Udalak Nagusien Etxea ireki zuen, auzokideek ordu horiek han emateko.
Goizean Derioko Bozeramaileen Batzordea bildu zen eta arratsaldean kontzentrazioa egin zuten, atentatua gaitzesteko.