Emakumeen saskibaloi talde bi osatu dira Derion

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 19a, 11:45
Derioko Saskibaloi Taldea 1995. urtean sortu zen eta hiru denboraldi eman zituen lehiaketa federatuetan parte hartzen. Azkena 97-98 denboraldian izan zen, eta harrezkero taldea geldirik egon da urte askotan. Hala ere, eskola moduan jarraitu du aurrera, eta gazteek entrenamenduak egiteko aukera izan dute. Taldearen ardura eskuz aldatu zen joan den urtean, eta zuzendaritza berriak taldea berriro federatuta egotea hartu zuen erronkatzat. Horrezaz gainera, beste helburu bat ezarri zuen: emakumeen talde bi eta mutilen talde bat osatzea. Gauzak ondo atera dira, eta emakumeen taldeak sortu dira aurten. Bata junior mailan arituko da eta bertan 1991. urtetik 1993. urtera bitartean jaiotakoek hartuko dute parte. Besteak senior mailan jokatuko du eta 1990. urtetik aurrera jaiotako jokalariek osatuko dute. Arduradunek behe-mailako taldeak ere osatu nahi dituzte eta horretarako, gaztetxoak saskibaloi eskolara joatera animatzeko deia zabaldu dute. Taldean izena eman nahi duten gazteek zein nagusiek klubak kiroldegian duen postontzian utz dezakete eskaria edo harremanetan jartzeko era. Beste alde batetik, taldea Gabonetako loteria saltzen dabil. Eskuratu nahi duenak kiroldegian galde dezake edo postontziaren bidez kontaktuan jarri klubarekin. Bazkide kanpaina ere egingo dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).