Gernikako Batzar Nagusiek eskubide osoko elizatetzat onartu zuten Derio 1688. urteko irailaren 24an. Harrezkero 320 urte igaro dira eta derioztarrak handitasunez ospatzen dabiltza urteurrena.
Ekitaldi instituzionala atzo egin zen. Oroitzapenezko monolitoa desestali eta ikurrina jaso zuten Uribe Parkean. Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Lander Aiarza Derioko alkatea ekitaldiaren buru izan ziren. Baina aurretik beste ekintza batzuk izan dituzte herrian. Horrela, Rubik Kuboko Europako Txapelketa Derion egin zen, eta Kepa Junkera trikitilariak kontzertua eskaini zuen, besteak beste. Gurutze Beitia umoristaren eta Golden Appel Quartet taldearen emanaldiez ere gozatzeko aukera eduki zuten derioztarrek.
Beste alde batetik, Oskorri taldeak kontzertua emango du urriaren 10ean, 22:00etan, Mikel Deuna plazan. Kontzertu hori urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan dago antolatuta.