Errentako etxebizitza babestuak eraikiko dira Derion

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 28a, 11:52
Derioko Udalak BBK-rekin hitzarmena sinatu eta horren bitartez 146 errentako etxebizitza babestu eraikiko dituzte herrian. Etxebizitzak Aldekone Goikoa sektorean egingo dituzte, eta gazteei egongo dira zuzenduta. Izan ere, soldata baxua dutelako edo beste hainbat arrazoirengatik ezin dute etxebizitza eskuratu eta problematika bera topatzen dute errentako etxebizitza merkatuan: eskaintza gutxi edo neurriz kanpoko prezioak, besteak beste. Udaletik azaldu duten moduan, babes ofizialeko etxebizitza alokatzea biderik egokiena izan daiteke gazteak emantzipatzeko. “Akordio honek herriko gazteen familiako etxearen eta etorkizunean eros dezaketen babes ofizialeko etxebizitzaren arteko lotura izatea du helburu”. Etxebizitzek 50-60 metro karratuko azalera erabilgarria edukiko dute, baita garaje eta trastelekua ere. Alokairu-prezioa Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak onartutako alokairuaren gehienezko prezioari buruzko Aginduak ezartzen duena izango da. Etxebizitza horietako bat eskuratzeko baldintzak Etxebideko errentako etxebizitza babestuen kasuan eskatzen diren berberak izango dira. Eskaerak egiteko epea datorren urtearen amaieran zabalduko dute, ziur asko. Aipatutako etxebizitzez gainera, 100 babes ofizialeko etxebizitza eta 90 etxebizitza tasatu inguru egingo dituzte Aldekone Goikoan. Era berean, beste 100 babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dituzte Ganbe Goikoa eta Rementariñe sektoretan, eta 2009. urtean 170 etxebizitza tasatu zozketatuko dira Ganbe Goikoan. “Proiektuek herriko gazteen eskaerari emango diote erantzuna datozen urteetan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).