Presako mozioa onartu dute Derion, aireko armadaren maniobrak salatzeko

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 26a, 16:22

Joan den martitzenean, Espainiako armadako lau ehiza-hegazkinek Txorierri gainetik egin zuten hegan, etxeetatik oso hurbil. Hegalaldiak Mankomunitateko Udalei jakinarazi barik egin zituzten, eta zarata handiak kezka eta haserrea eragin zituen herritarrengan. Derioztar batzuek, esate baterako, gertaera salatu zuten udaletxean eta udaltzaingoan. Derioko udalbatzak presako mozioa onartu zuen atzo, hegalaldiak salatzeko. Mozioa EAJk aurkeztu zuen, eta EAko zinegotziak eta zinegotzi independenteak bat egin zuten harekin. PP eta PSOE abstenitu egin ziren. Testuan azaldu duten moduan, Espainiako armadaren portaera “errespetu-falta handia da Txorierriko Udalekiko”. Salaketa Estatuko Defentsa Ministeriora eramango dute, eta maniobrak Ministerioak horretarako antolatu dituen gunetan egin daitezela eskatuko diote. Era berean, Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko dute salaketa, eta ekintza hori zein beste batzuk jendaurrean arbuiatzeko eskatuko diote lehendakariari. “Bakea eta normaltasuna helburu ez dituzten ekintzak dira eta, gainera, haserrea sor dezakete herritarrengan”. Beste alde batetik, Espainiako Printze-printzesa duela gutxi izan dira Bilbon, eta guardia zibilak herritik ibili ziren oinezkoei dokumentazioa eskatzen. Derioztar batzuek salatu zuten eta gai horretaz ere aritu ziren bilkuran.