Argazki Lehiaketa

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 30a, 10:45
Aurten Argazki Lehiaketa egingo dute seigarren aldiz Derion. Lehiaketa DAT argazki taldeak antolatu du. Lehiaketan edonork har dezake parte eta lehiakide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu. Gaia librea da. Argazkiak zuri-beltzezkoak edo kolorezkoak izan daitezke eta tratamendu informatiko guztiak onartuko dira. Epaimahaiak teknika, laukiratzea eta konposizioa hartuko ditu kontuan. Lanek gehienez 40x50 cm-ko neurria izango dute eta neurri bereko kartoi batean itsatsita aurkeztuko dira. Irudiak CD batean grabatuta ere aurkeztu beharko dira. Antolatzaileek eskubidea izango dute baldintza hori betetzen ez duten lanak baztertzeko. Kartoiaren atzeko aldean egilearen datuak jarriko dira: izena, telefono-zenbakia eta helbidea. Parte-hartzailea argazki talderen bateko kidea bada, hori ere zehaztu beharko da. Lanak liburutegian aurkeztu ahalko dira abenduaren 11ra arte. Epea arratsaldeko 8etan amaituko da. Sari-banaketa abenduaren 19an egingo dute, 12:30ean, kiroldegiko Kultura Aretoan. Orotara hiru sari banatuko dituzte: 300 euro eta diploma, bildumarik onenari; 200 euro eta diploma, argazkirik onenari; eta 100 euro, derioztarrek egindako argazkirik onenari. Parte-hartzaile bakoitzak sari bakarra jasoko du. Lan onenekin erakusketa bat egingo da, zeina abenduaren 19an bertan inauguratuko baita.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).