Derioko Pintura Lehiaketak ia 1.800 euro banatuko ditu saritan

Aikor aldizkaria 2010ko api. 12a, 11:25

Maiatzaren 16an, Aire zabaleko Pintura Lehiaketa egingo dute bigarren aldiz, Derion. Lehiaketa 16 urtetik gorako lagunei dago zuzenduta eta parte-hartzaileek nahi beste lan aurkeztu ahalko dute. Margolanak lehiaketaren egunean bertan egin beharko dira eta gaitzat herriko edozein motibo hartu ahalko da. Teknika librea izango da eta egileak erabiliko dituen tresna guztiak eraman beharko ditu. Lanak edozein oinarritan margotu ahalko badira ere, euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira. Horrek neurri hauek izango ditu: 100x81 cm. Lehiaketa eta Derioko azoka egun berean izango dira. Udalak stand bat jarriko du azokan eta parte-hartzaileek han zigilatu ahalko dituzte euskarriak, goizeko 9etatik 11ra bitartean. Lanak 13:30etik 14:30era aurkeztu ahalko dira stand horretan, eta arratsaldean ikusgai jarriko dituzte azokako tailerren karpan. Epaimahaiak arratsaldeko 6etan jakinaraziko ditu irabazleen izenak. Ekimena Udaletxeko plazan egingo da, eta orotara 1.750 euro emango dira saritan: 750 euro eta diploma, lehenengoarentzat; 500 euro eta diploma, bigarrenarentzat; 250 euro eta diploma, hirugarrenarentzat; eta 250 euro eta diploma, lehenengo hirugarren artean ez dagoen derioztarrentzat.