Abenduaren 11n, Maskoten III. Azoka egingo da Derioko pilotaleku estalian. Azoka Mascotas Maider dendak antolatu du eta Derioko Udalaren babesa jaso du.
Azokari goizeko 11etan emango zaio hasiera. Goizean, zoo txiki bat atonduko da pilotalekuan, eta umeentzako hainbat ekintza ere egingo dira bertan: maskara tailerra eta arrantza-tonbola, banaka batzuk baino ez aipatzearren. Hala ere, txakurrei zein txakur-jabeei zuzendutako lehiaketak izango dira nagusi egun osoan.
Horrela, bada, heziketa lehiaketa egingo da goizean zein arrastian, animalien heziketa-zentro baten eskutik. Edertasun lehiaketa ere egingo da arrastian, eta arrazako txakurrek eta mestizoek hartu ahal izango dute parte bertan. Berritasun moduan, handler arrazako txakurren lehiaketa egongo da aurten. Beste alde batetik, aipatzekoa da argazki lehiaketa ere egingo dela azokaren egitarauaren barruan. Azken lehiaketa honetan kategoria bi bereiziko dira: narrastiak eta katuak. Izena emateko epea zabalik dago eta Mascotas Maider dendan edo azokan bertan eman daiteke izena; hala ere, katuen argazki lehiaketan izena emateko epea abenduaren 10ean amaituko da. Capegabi animaliak babesteko elkartea ere egongo da azokan.