Liliak loradenda, Derioko erakusleihorik ikusgarriena

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 24a, 15:38

Danerik paraje! Derioko Zerbitzu eta Merkataritzako elkarte profesionalak lehiaketa egin du, herriko erakusleihorik onena aukeratzeko. Lehiaketa bosgarren aldiz antolatu dute aurten. Irabazlea Liliak loradenda izan da, eta bigarrena Soraya Estilistas lotu da. Hirugarrena Perea estankoa izan da; eta laugarrena, Seguros Bilbao. Sariak banatzeko, gala txikia antolatu dute urtarrilean. Besteak beste, sarituak, udal zinegotziak eta zenbait herritar egon ziren bertan. Iván Pérez Izarren Distira lehiaketaren irabazleak ere ekitaldi txiki bat eskaini zuen. Herriko jendeak hautatu du Derioko erakusleihorik onena. Horretarako, dendetatik ibili, erakusleihoak ikusi eta botoa eman behar izan dute udaletxean edo kiroldegian. Boto-emaileen artean, 150 euroko bono bat, 100 euroko beste bat eta 50 euroko txartel bi banatu ditu merkatarien elkarteak. Bonookin herriko dendetan erosteko aukera izango dute irabazleek. “Urterik urte, gero eta denda eta jende gehiagok hartzen du parte lehiaketan, eta oso pozik gaude”, esan du Iñaki Molano Danerik paraje! elkarteko presidenteak. “Guztira, 21 dendak jaso dute botoren bat, inoiz baino gehiago. Mungiako lehiaketan, esate baterako, denda gutxiagok hartu dute parte, eta han hemen baino askoz denda gehiago daude”. Pozik eta lotsatuta Amaia Rementeria Liliak loradendako jabea da, eta ez da lehiaketa irabazten duen lehenengo aldia. “Pozik eta apur bat lotsatuta” agertu da saria jasotzeagatik. “Gabonetan gauza antzekoak egiten dituzte dendek oro har, baina ni saiatzen naiz ezohiko erakusleihoak eskaintzen, eta agian horregatik eman dute botoa nire alde”, esan du Amaiak. “Aurten loradenda bera, hau da, loreak hartu ditut abiapuntutzat, eta horiek Gabonekin uztartzen saiatu naiz”. Amaiaren ustez erakusleiho politak edo ikusgarriak egitea garrantzitsua da, eta dendek zaindu behar dituzte horiek. Izan ere, “edozein dendetako aurkezpenak dira, egin ahal duzunaren edo zure negozioak dituen baliabideen irudia”. Derioko lehiaketak ez die sari ekonomikorik ematen irabazleei; hala ere, jendearen esker onak erakusleihoak “gogorrago” lantzera bultzatzen ditu dendariak.