Euskarazko film laburrak

Aikor aldizkaria 2011ko martxoaren 14a

Bihar hasiera emango zaio Laburbirari, euskarazko film laburren zirkuituari. Ekimena zortzigarren aldiz egin da aurten eta orotara 27 emanaldi eskainiko dira apirilaren 16ra arte: 26 emanaldi, Euskal Herriko herri eta hirietan; eta emanaldi bat, Londreseko Euskal Etxean. Txorierrira apirilaren 14an ailegatuko da Laburbira, Tximintx Derioko euskara elkartearen eskutik. Gurea Aretoan film hauek ikusteko aukera izango dugu arratsaldeko 7etatik aurrera: Kepa Errastiren Maritxu; Asier Altunaren Artalde; Angel Aldarondoren Ondar ahoak; Jon Artolaren S@rtaldea; Saioaren Aizpuruaren Esku-titi; Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escaleraren Blank postcards; Zapatilla films taldearen Biak bat; Trastaka taldearen Barrura begira; eta Kontraplano taldearen Nire bista faboritoa. Azken hiru filmak Kameratoia ikus-entzunezko rallyaren haritik sortutako lanak dira. Laburbira Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, herriz herriko euskara elkarteekin lankidetzan, martxan jarritako ekimena da, eta helburu hauek ditu: euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutaraztea eta herrietako kultur eskaintza aberastea. Gurean Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan antolatu da.